Network to Promote Language Diversity (NPLD) Europa mailako sare bat da. Ekainaren 6an eta 7an Bilbon dira, Zuzendaritza Batzordearen bilera eta urteko Batzar Orokorra baitituzte. Erakunde horren eskariz eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin elkarlanean, Soziolinguistika Klusterrak “Hizkuntza-erabilera behaketa bidez neurtzeko gida metodologikoa-A guide to language use observation survey methods” liburua idatzi du. Liburuaren egileak, Soziolinguistika Klusterreko teknikari Olatz Altuna eta Asier Basurto dira.
Sare horren helburuak eta kideak kontuan hartuta Soziolinguistika Klusterrarentzat oso interesgarria eta baliagarria izan da, sare horrekin elkarlanean jardutea eta baita sare horretako kideei Gida aurkeztea ere.
Helburua da, hemen sortu eta garatutako metodologia bat nazioartera hedatzea, sare hori osatzen dutenek metodologia hori erabiliz, euren hizkuntzen ahozko kale erabilera neurtu dezaten. Epe motzean metodologia honen nazioartekotzean urratsak eman nahi ditugu, hiru helbururekin: batetik, hemen baliagarria zaiguna beste batzuentzako ere baliagarri egiteko. Bestetik, Europako beste errealitate soziolinguistikoak ezagutzeko. Eta azkenik, sarea osatzen eta elkarlana sustatzen jarraitzeko.
Gidari buruzko informazio gehiago duzue https://soziolinguistika.eus/node/5807 helbidean eta baita Gida bera eskuratzeko aukera ere.