Ahozko hizkuntzaren ikerketa, garapena eta berrikuntza Soziolinguistika Klusterrean

2013ko urtarrilaren 1etik Soziolinguistika Klusterretik bideratzen ari gara ordura arte Mintzola Fundazioak lantzen zituen ahozko hizkuntzaren inguruko hainbat ikerketa, garapen eta berrikuntza proiektu.

 

Mintzola ahozko tradizioan sakonduz gizartearen premia berriei erantzun egokia eman nahi dien erakundea da. Euskararen ahozkotasunaren ikergune eta erreferentzia izan nahi du Mintzola Fundazioak, eta horretarako bi ipar nagusiri begira dago:

  • Ahozko tradizioaren behatoki dinamikoa izatea.
  • Gaurko gizarteak ahozkotasunaren alorrean dituen premiei erantzutea.

Mintzola Fundazioak misioa aldatu zuen 2012an: ahozko kultur sorkuntzaren ikertegia izango da aurrerantzean. Bertsogintzan zentratua, batez ere, eta ahozko kultur sorkuntzan lanean dihardutenekin (antzerkizaleak, kantuzaleak, ipuin kontalariak…) batera garatuko du proiektua.

 

Mintzola Fundazioaren baitan 2012an gertatu diren aipaturiko aldaketa horiek eta Soziolinguistika Klusterraren 2012-2015 Plan Estrategikoan erabakitakoek behar bat (desio bat, nahi bat) ekarri dute, bi alderdi dituena:

  • Mintzolak ahozko kultur sorkuntzatik harago dituen ikerketa, garapen eta berrikuntza proiektuak Soziolinguistika Klusterrera bideratu dira.
  • Mintzolako lan-taldearen zati bat Soziolinguistika Klusterrak hartu du.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN