Zabalik da HITZARGIAK TOPAKETAN izena-emateko epea

Topaketaren egoitza izango den Orona-Ideo eraikinean egin den prentsaurrekoan zabaldu da gaur, ekainaren 23an eta 24an izango den HITZARGIAK Topaketan izena emateko epea, eta zabalik izango da ekainaren 17a bitartean. Kontuan izan, izena maiatzaren 31 baino lehenago emanez gero %30eko beherapena izango dela.

 

Hitzargiak.eu webgunean eskura duzue proiektuak dagoeneko piztu dituen argien mapa, eta topaketaren behin-behineko egitaraua eta izena emateko aukera. Bertan aurkeztuko diren GAIAK eta egitura ikus daitezke. Jardunbide gonbidatuen zerrendarekin osatutako behin betiko egitaraua maiatzaren 13an jarriko da ikusgai.

Hitzargiak Topaketaren xedea da biziberritze-prozesuan murgilduta dauden hizkuntza- eta hiztun-komunitateek elkar ezagutzea eta haien arteko harremanak sendotzea, etorkizuneko ibilbidean eraginkorragoak izan daitezen. Zehatz-mehatz, hauek dira helburuak:

1. Europako hizkuntzak biziberritzeko jardunbide egokiak, kasu eredugarriak eta horiek martxan jarri dituzten eragile estrategikoak ezagutzera ematea.

2. Eragile horiei aukera ematea elkar ezagut dezaten eta elkarrengandik ikas dezaten.

3. Eragile horiein arteko harremana bultzatzea edo sendotzea, eta aurrerantzeanlankidetzan jarduteko parada eskaintzea.

4. Hitzargiak – Topaketaren misioa eta balioak gizarteratzen laguntzea; hau da, gizartean zabaltzea Europako hizkuntza-aniztasuna babestearen aldeko jarrerak elkarbizitzaren eta jasangarritasunaren eredu direla adieraztea.

Topaketan zehar guztiok elkarrekin egoteko espazioak egongo dira, talde txikietan lan egiteko guneak, gaikako espazioak, norbera bere kabuz ibiltzekoak, harremanak sustatzeko guneak, espazio intimoak, sozialak, formalak, informalak, pasiboagoak, aktiboagoak, sortzaileak… betiere, elkarrizketa eta parte-hartzea helburu izanik. Era berean, parte-hartzea presentziala izango da nagusiki, baina on-line bidezko parte-hartzeko aukera ere egongo da.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN