Soziolinguistika Klusterra NPLD sarearen Zuzendaritza Batzordeko kide izendatu dute

Azaroaren 23an egin zen Palman (Balear uharteak) Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sarearen Batzar Nagusia. Soziolinguistika Klusterreko Zuzendari Imanol Larreak parte hartu zuen, euskara biziberritzeko ikergunearen ordezkari bezala. Batzarrean, sarearen zenbait kargu eta organo berritu ziren. Horien artean, Soziolinguistika Klusterra sarearen Zuzendaritza Batzordeko kide izendatzea adostu zuten kideek.

Bestalde, Anna Jungner-Nordgren, Finlandiako suediar Batzarraren (Folktinget) ordezkaria, lehendakari-orde izendatua izan zen. Agustina Vilaret (Balear Uharteak) lehendakaria eta William Cisilino (Friuli) lehenadakari-ordearekin batu da lehendakaritza-mahaira.

Batzar Nagusiaren hurrengo egunean, azaroaren 24ean, NPLD- Coppieters Campus delakoaren hirugarren edizioa egin zen Palman bertan. Hezkuntzako murgiltzen eredua izan zen gaia eta Europa osoko esperientziak eta lanak aztertu zituzten bertan bildutakoek.

Campusak Europako lurralde eta estatu desberdinetako ordezkariak erakarri zituen, hizkuntza-politikan eta plangintzan erantzukizuna dutenak. Horiez gain, beste entitate batzuetako ordezkariak ere izan ziren, hala nola, hizkuntza gutxituen esparruan lan egiten duten elkarteak, unibertsitateak edo ikerketa-zentroak. Campusak topaketarako, komunikaziorako, kolaboraziorako eta ideien trukerako balio izan zuen, politika linguistikoan, hizkuntza-plangintzan eta ebaluazioan diharduten ikertzaileen artean.

Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sarea (NPLD) Europa mailako hizkuntza-politikaren eta hizkuntza konstituzionalen, eskualdekoen eta estatu txikien plangintzaren arloan lan egiten duen Europako sarea da. NPLDk bazkide gisa barne hartzen ditu gobernu nazionalak, eskualdekoak, unibertsitateak eta elkarteak. Helburu nagusia da Europa mailan sentsibilizatzea hizkuntza-aniztasunaren garrantziaz eta Europa osoko gobernu, politikari, profesional, ikertzaile eta adituen arteko praktika onen trukea erraztea. Soziolinguistika Klusterra kide elkartua da (associated member).

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN