Elbira Zipitria Katedraren irekiera ekitaldian parte hartu du Pablo Suberbiolak, Montrealen

Irailaren 9 egin zen Etxepare Institutuak Montrealgo McGill Unibertsitatearekin elkarlanean sortu duen Elbira Zipitria katedraren irekiera ekitaldia. Soziolinguistika Klusterreko Pablo Suberbiola ikertzaileak eman du ekitaldiko hitzaldietako bat, Euskal Herritik joandako beste bi hizlariekin batera: UPV-EHUko Miren Azkarate eta Idoia Fernandez ikertzaile eta irakasleekin.

Katedra honek euskal kultura eta kultur berrikuntza izango ditu aztergai, eta hizkuntza ez hegemonikoen garapenean kultur berrikuntza estrategiek izan dezaketen rola landuko du. Batez ere hiru gai hauen inguruan lan egingo da: hizkuntzaren irakaskuntza, hizkuntza plangintza eta hizkuntzaren erabilera.

Katedraren helburu nagusia da euskal eta quebectar adituak solasean jartzea. Irekiera ekitaldian, Euskal Herritik joandako hiru hizlariekin batera, Quebec-eko hainbat adituk hartu dute parte, besteak beste, Roy Lyster (McGill), Richard Bourhis (UQAM), Marie-Cécile Guillot (UQAM) eta Philippe Gagné (Cégep Vanier). McGill Unibertsitateko bi fakultaterekin batera CRIEM diziplinarteko ikerketa zentroa da Quebec-eko solaskidea harreman honetan. Irekiera ekitaldia Etxepare Euskal Institutuak antolatutako Saison Québec – Pays Basque kultur trukerako egitasmoaren baitan kokatzen da.

Idoia Fernandez Elbira Zipitriaren ekarpenaz aritu da eta Miren Azkaratek euskararen hizkuntza politikaren erronka nagusiak aletu ditu. Pablo Suberbiola Euskaraldiaren ekarpenaren gainean aritu da. Horretarako, alde batetik Euskaraldiaren izaera bikoitza – soziala eta instituzionala– azpimarratu du, eta ekimen horren diseinuan dauden oinarri teorikoen zein ezaugarri metodologikoen berri eman du. Kultur berrikuntzaren ikuspegitik, bestalde, Suberbiolak Euskaraldiak euskararen kultura soziolinguistikoan egin dezakeen ekarpena azaldu du, hiru osagai berri nabarmenduz: 1) Euskara ulertzen dutenek berariaz haiei euskaraz egiteko eskaera; 2) Ele biko elkarrizketen bitartez euskarari bide berriak zabaltzeko aukera, eta 3) Euskaraz ongi egiten dutenek euren hizkera egokitzeako proposamena. Horrez gain, hitzaldian baloratu da nolako aukerak –eta mugak– izan ditzakeen Euskaraldiak euskara erabiltzeko indarrean dauden arau sozialak aldatzeko.

Katedraren irekiera ekitaldiaz gain, Etxepare Institutuko kideek eta Euskal Herritik joandako ikertzaileek aukera baliatu dute Quebec-eko hainbat ikertzailerekin bilerak egiteko. Besteak beste, CRIEM ikerketa zentrokoak eta UQAM zein McGill unibertsitateetakoak.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN