Soziolinguistika Klusterra Katalunian izan da, Hizkuntza Indigenen eta Gutxituen Biziberritzearen Nazioarteko III. Kongresuan

Soziolinguistika Klusterraren Bulego teknikoko kide Paula Laita eta Olatz Altuna izan dira irailaren 13tik 16ra Gironan eta Perpinyanen egin den III. Congrés Internacional de Revitalització de Llengües Indígenes i Minoritzades-en.

Paula Laitak Kanadako hizkuntza indigenei buruzko bere tesiaren berri eman du. “Indigenous language revitalization in British Columbia: Yunesit’in Community Strategies for Nenqayni Ch’ih” izenburupean  Yuneŝit’in komunitateko egoera soziolinguistikoaren ikerketa aurkeztu du: orain arte egindako hizkuntza biziberritzeko proiektuak, etorkizunean erabil daitezkeen estrategiak eta herritarren bizipenak eta ekarpenak azaldu ditu. Bestetik, Olatz Altunak “Metodología de medición del uso de las lenguas: Tres décadas de experiencia” eta “¿Cuánto euskera se habla en las calles del País Vasco?” aurkezpenetan behaketa bidez erabilera neurtzeko metodologiaz eta Kale Neurketaren 2021eko emaitzez hitz egin du.

Kongresu hau mundu osoko hizkuntza indigenen eta gutxituen suspertzearen alde lan egiten duten adituen topagunea da. Ikuspuntu ezberdinak landu dira, esate baterako, hizkuntzen eta kulturen inguruko ikerketa, aktibismoa, pedagogia eta praktika. Izan ere, Kongresuaren helburu nagusia hizkuntzen biziberritzearekin lotutako gaien inguruko ideiak, esperientziak eta ikerketak partekatzea da.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN