Imanol Larrea Galesen da Alan R. King katedrako sei asteko ikerketa-egonaldirako

Sei astez egongo da Imanol Larrea Mendizabal, Soziolinguistika Klusterreko zuzendaria, Galesen Etxepare Institutuak eta University of Wales Trinity Saint Davidek sortu berri duten katedran, Galesko Unibertsitateko Centre for Advanced Welsh and Celtic Studies ikergunean eta Elin Haf Gruffydd Jones zuzendariaren gidaritzapean.

Egonaldian zehar antolatuko diren ekimenen bidez, bi hitun komunitateetako pertsona eta eragileek elkarren berri izatea bilatuko da. Alde batetik euskararen biziberritzearen gainean Soziolinguistika Klusterrak egiten duen ikerketa-lanaren berri emango da hitzaldien eta mintegien bidez. Euskarara hurbiltzeko hastapen saio batzuk ere antolatuko dira. Gainera, galesaren biziberritzea bultzatzen eta ikertzen ari diren eragileekin harreman zuzena izateko aukera eskainiko du egonaldiak, elkar ezagutzeko eta aurrerantzean egon daitezkeen elkarlanerako aukerak aztertzeko.

Katedraren irekiera hitzaldia izango da egonaldiko lehen ekimen publikoa:

Hizkuntza ohiturak aldatzeko ikerketa soziolinguistikoa Euskal Herrian: hainbat esperientzia
Imanol Larrea Mendizabal (Soziolinguistika Klusterra)
Urriaren 13a
17:00 Galesko ordua / 18:00 Euskal Herriko ordua
Galesko Liburutegi Nazionala

Online jarraitzeko IZENA EMAN cawcs@wales.ac.uk helbidera idatzita.

Hitzaldia euskaraz eta ingelesez izango da, eta euskarazko zatia galesera itzuliko du Begotxu Olaizolak. Hitzaldiaz gain, kultur ekitaldia ere izango da egun berean zenbait poeta euskaldun eta galestarrekin.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN