30 urte baino gehiagoko ibilbidean zehar aldaketa eta hobekuntza ugari egin ditu Bat soziolinguistika aldizkariak; 2020an webgunea berritu zen eta hemeroteka osoa digitalizatuta PDF formatuan eskaintzen hasi zen. Orain, harpidedun eta irakurleek ebook edo liburu elektroniko dispositiboetan irakurri ahal izango dute aldizkaria. Izan ere, 123-124 zenbakitik aurrera, PDF formatuaz gain EPUB formatuan eskainiko dira zenbaki osoak eta artikuluak; webgune bidez erosteko edo deskargatzeko eta posta elektroniko bidez jasotzeko, hautu hori egin duten harpidedunen kasuan. Aldizkaria epub formatuan eskaintzeko urrats hau, aldizkari zientifikoen eremuan homologaziorantz prozesuaren baitan kokatzen da.