Esti Amorrortu izango da Bat Soziolinguistika Aldizkariaren zuzendaria aurrerantzean

Ikerlari bilbotarrak Iñaki Martinez de Lunaren erreleboa hartu du zuzendari arduretan.

Estibaliz Amorrortu Gomez Euskal Filologian lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean (1992) eta Hizkuntzalaritza doktorea da University of Southern Californian (2000). Gaur egun Deustuko Unibertsitateko Hizkuntza Moderno eta Euskal Ikasketen Saileko irakaslea da. Soziolinguistika eta Hizkuntzen Didaktikaren arloko eskolak ematen ditu Euskal Filologiako, Hizkuntza Modernoetako eta Euskal Hizkuntza eta Kulturako graduetan.

Soziolinguistika, munduko hizkuntza aniztasuna eta diskurtsoaren azterketaren inguruan egin du bere ikerlari ibilbidea. Nabarmentzekoak dira Ane Ortegarekin eta Jone Gorigolzarrirekin erdaldunen eta euskal hiztun berrien inguruan azken urteetan egindako lanak.

Bat soziolinguistika aldizkariaren Argitalpen Batzordearen kide izan da urtetan, zuzendari ardura hartzera urratsa eman aurretik. Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedraren Aholku Batzordeko kide ere bada. Gaur egun, besteak beste, Galizia, Katalunia, Madril eta Euskal Herriko ikerlariak biltzen dituen Equiling ikerketa-proiektuan dihardu.

Bat Aldizkariaren zuzendariak

Bat Soziolinguistika Aldizkaria euskaraz argitaratzen den soziolinguistika esparruko aldizkari zientifikoa da, bereziki euskararen biziberritze prozesuaren inguruko ezagutza zientifikoa hedatzea helburu duena.

Euskal Kulturaren Batzarreak (EKB) 1990. urtean sortu zuen eta harez geroztik, urtero lau zenbaki eman ditu argitara, soziolinguistikaren eremuan Euskal Herrian zein atzerrian landutako eredu teorikoak, esperientziak eta erreferentziak eskainiz. 2020 urtetik aurrera, aldizkari digitala ere bada.

Txillardegiren (1990-2000) eta Maria-Jose Azurmendiren (2001-2006) ondoren, Iñaki Martinez de Luna izan da aldizkariaren zuzendari 2007tik 2022ra. Soziologo gasteiztarrak Argitalpen Batzordeko kide izaten jarraituko du aurrerantzean. Soziolinguistika Klusterretik eskerrik beroena adierazi nahi diogu Iñakiri, urte hauetan guztietan Bat soziolinguistika aldizkariaren gidaritzan egindako lan eskergarengatik.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN