Justizia soziolinguistikoaren gaineko mintegia egin dute Equiling proiektuko kideek

Galizia, Katalunia, Madril eta Euskal Herriko ikertzaileekin batera, herritartasun linguistiko inklusiborako eta praktika linguistiko anitzen elkarbizitzarako tresnak landu dira otsailean Madrilen

Otsailaren 23tik 26ra, “Justizia soziolinguistikoa eta hiztunen agentzia” izeneko ikerketa-mintegia burutu du EquiLing sareak Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Fundazioaren La Cristalera egoitzan. Bertan izan da Maialen Iñarra, Soziolinguistika Klusterreko kidea.

EquiLing proiektuaren xede dira berdintasun linguistikoa eta justizia soziolinguistikoa. Horretarako, egungo desberdintasun sozialen eraikuntzan hizkuntzak zein rol jokatzen duen aztertzen da, etnografia parte-hartzailearen bidez, testuinguru soziolinguistiko desberdinetan. Hala, ekintza eraldatzaileak ari dira abiatzen Kataluniako, Euskal Herriko, Galiziako eta Madrilgo hiztunekin, desberdintasun horiei aurre egiteko. Proiektuaren bidez zientzia herritarra eta hezkuntza-instituzioetan parte-hartze parekidea sustatzen dira.

Proiektuak hiru helburu ditu: marko teoriko berritzailea eraikitzea eta proposatzea, eguneroko praktika kokatuak aztertzea eta aldaketarako aukerak identifikatzea, eta aldaketarako baliagarri izan daitezkeen proposamen zehatzak egitea, ezagutza teoriko-metodologikoan oinarrituta.

Ildo horretan kokatzen da EquiLing-Basq taldearen jarduna; izan ere, euskararen hiztun berriek euskal hiztun izateko, bihurtzeko eta definitzeko erabiltzen dituzten praktikak eta horiek dakartzaten agentzia-motak nahiz subjektibotasunak ditu aztergai. Jardun horri egiten dio ekarpena Soziolinguistika Klusterrak, D ereduko Kirola eta Euskara Kirolkide proiektuen bidez. 2022. urtetik, gainera, EquiLing proiektuaren eta  Aldahitz Ikerketaren arteko loturak lantzen ari gara.

Aurrera begira eta hezkuntza (sozio)linguistikoaren alorrean ekarpena egin nahian, EquiLing proiektuaren garapenean sortutako tresnak webgune batean eskuragarri jarriko dira.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN