NPLD sareko ikerguneen bilera, Zuzendaritza Batzordea eta hiztun desgaituentzako zerbitzuen mintegia egin dira Dublinen

NPLD Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sareak Dublinen antolatu ditu azaroaren amaieran hiru ekimen eta guztietan partaide izan da Soziolinguistika Klusterraren zuzendari Imanol Larrea Mendizabal.

Azaroaren 22an egun osoko bilera egin du NPLDko ikerguneen artean sortzen ari den UniNet sareak. Europa osoko hizkuntza gutxituen inguruan ikerketan ari diren dozena bat lagunek parte hartu dute. Aurrerantzean elkarrekin lantzeko moduko gaiak detektatzea izan da bileraren xedea. Lehentasunezko gai gisa “hizkuntza jarrerak eta ideologiak hezkuntzan eta bestelako eremuetan” hartzea erabaki zen. Gainera, 5 azpitalde sortu dira gai nagusi horren osagaiak garatzeko. Soziolinguistika Klusterrak adimen artifiziala eta hizkuntza gutxituen erabilerari buruzko lan taldean parte hartuko du.

Azaroaren 23an NPLDren Zuzendaritza Batzordeak urteroko bigarren bilera egin du. Europako hainbat herrialdeetako gobernu, ikergune eta hizkuntzen aldeko elkarteetako hogeita hamar lagunek parte hartu du 2024ko egitasmoa finkatzeko saioan. Baleeratako Gobernuaren ordezkari Bartomeu Riera sareko lehendakaria izan da buru. Euskal Herritik Soziolinguistika Klusterraz gain, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Bizkaiko Foru Aldundia eta Aurten Bai Fundazioak ere NPLDren Zuzendaritza Batzordearen partaide izan dira.

Dublineko topaketan “Zerbitzu berdintasuna hizkuntza gutxituetako hiztun desgaituentzat” mintegia ere egin da. Irlanderaz, galesez edo katalanez egiten ari den lana aztertu da eta gutxituen artean gutxituenak direnen eskubideak eta beharrak kontuan hartu beharra azpimarratu da.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN