Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketak egingo dira Galeseko bi herritan

Ynys Môn irlako bi herritako kaleetan galesera eta beste hizkuntzak zenbat erabiltzen diren neurtuko da hurrengo bi asteetan. Lurralde garapenean diharduen Menter Môn erakundeak eta Bangor Unibertsitateko ikerlariek Soziolinguistika Klusterrarekin elkarlanean diseinatu eta prestatu dute ikerketa azken hilabeteetan.

Galesen hizkuntzen erabilera behaketa bidez neurtzeko lehen esperientzia pilotu hau bi herritan (Llangefni eta Porthaethwy) egitea erabaki dute ikerketaren sustatzaileek, ondoren Galeseko beste udalerri eta ingurune batzuetan aplikatzeko ikasgaiak atera nahian. Bi herri hauek alde nabarmenak dituzte biztanleria kopurua eta galesera hiztunen proportzioari dagokionez.

Ikerketa prozesuan metodologiaren inguruko aholkularitza ematen dihardu Soziolinguistika Klusterrak. Herrien aukeraketan, ibilbideen eta neurraldien diseinuan, neurtzaileen formakuntzan, landa-lanaren jarraipenean, datuen prozesatzean, emaitzen azterketan eta interpretazioan, txostenaren idazketan eta emaitzen zabalpenean bidelagun papera jokatuko du.

Kalean behatutako datuak jasotzeko baliatzen den telefono mugikorrerako appa galeseraz eta ingelesez erabiltzeko prestatu da. Berdin egin da neurketa prestatu eta gauzatzeko beharrezkoa den dokumentazio guztiarekin.

Neurketa pilotu hauekin, Galesen kale neurketak hedatzeko aukera zabaltzearekin batera, metodologia beste herrialde batzuetan baliatzeko prozesua irudikatu eta lanak aurreratu dira. Beste hizkuntza gutxituetako ikerketa eragileekin zuzeneko harremana, ezagutza-trukea eta datu alderagarriak eskuratzea lan-ildo interesgarria da Soziolinguistika Klusterrarentzat eta hurrengo urteetan bide horretan aurrera pausoak emateko oinarriak ezartzeko lanean ari da.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN