Urriaren 17a eta 19a bitartean Balear Uharteetako Unibertsitateak antolatuta Palman egin da IDEOLING (International Symposium on Language Ideologies and Attitudes) kongresua. Hiru egunetan 120 hizlari baino gehiagok erakutsi dituzte euren ikerketen emaitzak, hain zuzen, nazioarteko hizkuntza gutxituen esperientzietan hiztunek dituzten jarreren ingurukoak. Zeinbait kasutan jarrera horiek ideologia linguistikoekin eta hizlarien identitate edo estatus sozialekin lotu dira; era berean, hizkuntzen estandarren eta bestelako aldaeren arteko tentsioak eta desberdintasunak ere aztertu dira.
Afrikako zenbait herrialdetan eta Europa Iparraldeko herrialde batzuetan kokatutako azterketak ezagutzeko aukera izan da Kongresuan. Horiekin batera, leku berezia hartu dute katalanaren eta, bereziki, euskal soziolinguistikaren esparruko jarduerek; izan ere, euskararen inguruko hamabost ikerketaren berri eman da bertan. Soziolinguistika Klusterreko bulego teknikoko kide diren Belen Urangak eta Paula Laitak Immigrazioko biztanleriaren hizkuntzen gaineko jarreren eta Bortzirietako biztanleriaren hizkuntza-jarreren inguruko ikerketak aurkeztu dituzte, hurrenez hurren. Aipatutakoez gain, honako euskal ikerlarien lanen aurkezpenak ere izan dira: Agurtzane Elordui, Ane Ortega, Ane Osua, Anne Egaña, Asier Basurto, Beñat Muguruza, Estibaliz Amorrortu, Garbiñe Bereziartua, Gorka Elordieta, Ibon Manterola, Iñaki Sagardoy, Jaime Altuna, Jon Martin, Jone Goirigolzarri, Jone Miren Hernández, Lamia Filali-Mouncef, Maddi Dorronsoro, Magdalena Romera, Maite García, Miren Artetxe eta Samara Velte.