2025 urteko txostenean jaso da Soziolinguistika Klusterraren urteko jarduna

Soziolinguistika Klusterrak 2025 Urteko Txostena argitaratu berri du. Urtero bezala, erakundeak urtean zehar garatutako jardunaren ikuspegi zabala eskaintzen du argitalpenak: barne-antolaketa, egindako proiektuak, lankidetzak, harremanak eta jarduera ekonomikoaren laburpena jasotzen dira bertan.

2025a jarduera anitzeko urtea izan da Soziolinguistika Klusterrarentzat. Txostenak 15 proiekturen berri ematen du, euskararen biziberritze prozesuari ezagutza soziolinguistikotik ekarpena egiteko helburuarekin landutakoak. Besteak beste, hizkuntza-erabileraren neurketak, hezkuntzaren esparruko egitasmoak, hizkuntza-ohituren aldaketa-prozesuak, hirigintzaren eta euskararen arteko harremanari buruzko ikerketa, Bilboko gurasoen hizkuntza-praktiken azterketa eta nazioarteko hizkuntza-biziberritze diskurtsoen inguruko lanketak bildu dira txostenean.

Urteko mugarri nagusietako bat 2026-2029 aldirako Plan Estrategikoa onartzea izan da. Hausnarketa partekatu baten ondorioez osatutako planak datozen urteetarako norabidea zehazten du, lau ildo estrategiko nagusiren inguruan: ikerketan eta ezagutza soziolinguistikoan erreferentzialtasuna handitzea, ikerketa-proiektuen kalitatea sendotzea, antolaketa eredua egokitzea eta finantziazio eredu sendo eta jasangarria eraikitzea.

Proiektuen atalean, urteko lan-ildo nagusiak modu antolatuan aurkezten dira. Berba-lapiko egitasmoan, esaterako, testuinguru soziolinguistiko erdaldunetan euskarazko ahozko komunikazioa lantzeko prestakuntza eta esku-hartzeak garatu dira. Aldahitz ikerketan hizkuntza-ohituren aldaketa-prozesuen inguruko metodologiak lantzen jarraitu da. Euskararen Adierazle Sisteman jarraipen teknikoa eta adierazle berrien proposamena egin dira. Era berean, Elgoibarren eta Galesko Ynys Môn uharteko hainbat udalerritan hizkuntzen erabileraren kale-neurketak egin dira.

Nazioarteko dimentsioak ere presentzia nabarmena izan du 2025ean. Urrian Azpeitian egindako Arnasguneak Hizkuntza Gutxituen Biziberritzean nazioarteko konferentziak hainbat hizkuntza komunitatetako aditu, ikertzaile eta eragile sozialak bildu zituen. Horrez gain, BIHAR proiektuaren baitan, munduko hizkuntza-biziberritze prozesuetan erabiltzen diren diskurtsoen diagnostikoa landu da, 2026an garatuko diren jarduerei begira.

Ezagutzaren hedapenari dagokionez, Bat soziolinguistika aldizkariak, Soziolinguistika Albistariak eta Txillardegi-Hausnartu sariek euskal soziolinguistikaren inguruko ikerketa, hausnarketa eta informazioa zabaltzen jarraitu dute. Txostenean urtean zehar egindako aurkezpen, hitzaldi, formakuntza, komunikazio eta saio publikoen zerrenda ere jaso da, Euskal Herriko nahiz nazioarteko hainbat gunetan egindako ekarpenekin batera.

Dokumentua Soziolinguistika Klusterraren webgunean dago eskuragarri, Creative Commons lizentzia irekipean.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN