Soziolinguistika Klusterrak arlo psikosoziala lantzeko barne-proiektua sortu zuen 2026-2029 epealdirako Plan Estrategikoaren barruan. Proiektuak hainbat jarduera aurreikusten ditu, eta horietako bat lan-harremanak zaintzeko formakuntza-saioa izan da, Emunek gidatutakoa.

Bridge metodologiaren bidez, harremanetarako eta komunikatzeko estiloak landu dira Bulego Teknikoko kideekin. Saioak harremanetarako estiloaz hausnartzeko aukera eman du: norberaren estiloa eta lankideena identifikatzeko. Bakoitzaren estiloaren arabera, beste estiloekin sor daitezkeen zailtasunak eta harremana errazteko erabil daitezkeen estrategiak landu dira. Helburua izan da komunikatzeko moduak denen beharretara egokitzen ikastea.
Talde-lana Soziolinguistika Klusterraren ardatzetako bat da. Horregatik, eguneroko harremanak zaintzea eta taldekideen arteko lankidetza indartzea garrantzitsua da erakundearen jardunerako. Lan-harremanen inguruko gogoeta ez da norbanakoen arteko harremanetara mugatzen: taldeak lana nola antolatzen duen, estresa eta erritmoak nola kudeatzen dituen eta elkarlana zer baldintzak laguntzen duen aztertzea ere badakar. Formakuntza-saio horrek alderdi horiei buruzko hausnarketarako abiapuntua eskaini du.


