Arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean eragitea da Bai Euskarariren helburua, euskaraz lan eta bizi ahal izateko dauden espazioak identifikatzea, babestea eta gehiagotara zabaltzea, gure egunerokoan eragina duten espazio guztietan euskarari leku egitea estrategikoa baita. Berebiziko garrantzia du.
Bai Euskarari Ziurtagiria Euskal Herriko alor sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiteko tresna eraginkorra da. Bai Euskarari Ziurtagiriak euskararen ezagutza eta erabilera areagotzeko neurriak garatzen ari diren Euskal Herri osoko entitateak identifikatzen eta saritzen ditu. Horrela bada, entitate baten hizkuntza-egoera zein den ziurtatzen du eta, aurrera begira, neurri berriak garatzen laguntzen du. Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu nahi duten guztiek, euren hizkuntza egoera aztertu behar dute eta, hortik abiatuta, urtean zehar garatu nahi dituzten helburuak proposatu behar dituzte.
Ziurtagiriaren Elkarteak aplikazio bat jartzen du entitate guztien esku, urteko helburuen garapenean laguntzeko. Ziurtagiria urtero berritu behar da eta Ziurtagiriaren Elkarteak jarraipen-, ebaluazio- eta sustapen-lanak egiten ditu, bai eta laguntzen gaineko informazioa eskaini ere: diru-laguntzak, profesionalen gidak, euskarazko dokumentu eta inprimaki-ereduak…
Bai Euskarari Ziurtagiriak hiru maila ditu:
1. “Zerbitzua eta lana euskaraz”
2. “Zerbitzua euskaraz”
3. “Bidean”.
“Zerbitzua euskaraz” eta “Zerbitzua eta lana euskaraz” mailak eskuratzeko irizpideak eta baldintzak lau ataletan laburbiltzen dira:
1. Erakundeko pertsonen hizkuntza-gaitasuna.
2. Irudi korporatiboa eta hizkuntza-paisaia.
3. Kanpo-harremanak.
4. Barne-harremanak.
Orotara, 150 bat item aztertzen dira. Bigarren mailarako zehazten diren baldintzak betetzera iritsi ezean, “Bidean” maila dagokio entitateari.