Hizkuntza-portaera berriak sortzeko tailerra da eusLiderrak. EusLiderrak-ek euskararen erabilera informala areagotzea du helburu, norbanakoen hizkuntza-jarreran eraginez, ondoren norbanako horiek euren ingurukoengan eragin dezaten. Xede hori lortzeko tresnak eta baliabideak eskaintzen zaizkio tailerrean parte hartzen duenari. 3-6 saio laburrek osatzen dute eusLiderrak tailerra.
Hizkuntza-ohiturak aldatzeak, beste edozein ohitura aldatzeak bezala, ahalegina eskatzen du. Ez da oraindik asmatu horren ordezko pilularik. Baina aldaketa hori modu atsegin eta dibertigarrian egin daiteke, ez du zertan sufrimenduan oinarrituta egon. Horretarako, garrantzitsua da aldaketa pausoz pauso ematea, unean uneko helburu lorgarriei eutsiz, eta parte-hartzaileen interes arlo eta motibazioetatik ahalik eta gertuen.
eusLiderrak saioen helburuak dira: hizkuntzekiko jarrerak landu, eraldaketa sustatu, portaera berriak sortu eta hizkuntza-lidergoa indartu.
Azkenean, jabekuntza eta ahalmentze-prozesu batez hitz egiten ari gara. Hizkuntza-komunitate baten iraupena, besteak beste, komunitate horrek aurrera egiteko duen borondatearen baitan dago. Horregatik, garrantzitsua da hizkuntza gutxiagotua erabili nahi dugunok bizi dugun sumisio egoeraz jabetu, eta berdintasuna lortzeko pausoak ematea. Beti ere, etengabeko hobekuntza prozesu gisa ulertuta.
3-6 saio laburrek osatzen dute eusLiderrak. Saio horietan, era egituratuan, zenbait informazio, tresna eta eredu eskaintzen zaizkie parte-hartzaileei. Helburua da —euskaraz hitz egiteko lotsak, beldurrak edo aurreiritziak gainditzearekin batera— ekintza bat burutzea euskaraz. Lortutako aldaketa hori, txikia izanik ere, emozionalki esanguratsua bada, arrakalatu egingo du orain arteko sistema, eta, ondorioz, pentsamendua berregituratu beharra ekarriko du.
Pentsaera zuzentzaile berri horrek, atzetik, portaera- aldaketa gehiago eta iraunkorragoak ekarriko ditu.