Euskaldunen bilgune, euskal kulturaren plaza eta beste kulturen agertoki izateko sortu zen Kafe Antzokia kulturgunea.
Kafe Antzokia San Vicente zine aretoa izandako lekuan sortu zen. Erabateko zaharberritzearekin, besteak beste, jesarlekuak kendu eta erabilera anitzeko areto zabala bihurtu zen. Euskararen irakaskuntzan zebiltzan irakasle batzuen gogoetatik abiatu zen proiektua: Bilbon ikasleek ikasgelatik kanpo euskaraz aritzeko aukera falta nabaria zegoela eta ikasketa prozesuan aurrera egiteko beharrezkoa zutela euskaraz aisialdia eta harreman naturalak euskaraz eskainiko zizkieten une eta gune horiek.
Bestalde, Bilbon erreferentzia fisikorik gabe sakabanatuta zeuden milaka euskalduni euren hizkuntza naturaltasunez erabiltzeko topagunea eskaintzea zen xedea, bertan euskaldunzahar, euskaldunberri eta ikasleek bat egin eta hizkuntza komunitatea trinkotuko zuen erreferentzia hori eraikitzea. Beraz, asmo horrekin abiatu zen Kafe Antzokia, baina berau autofinantziazioaren bidetik bideragarria bihurtuko zuen ostalaritza proiektu batek lagunduta. Zentraltasuna bilatuz, Bilboren erdigunean kokatu zen proiektua.
Kafe Antzokian eguneko ordu guztietan egoten da jarduerarik, goizean goizetik hasi eta goizaldeko ordu txikiak arte.