Skip to main content

Immigrazio biztanleriaren integrazio soziolinguistikoari lotutako bizipenak, iritziak eta hausnarketak ikertu dira Donostia Ekialdeko auzoetan

Soziolinguistika Klusterrak Immigrazioa Donostia Ekialdean: Altza, Bidebieta eta Intxaurrondoko immigrazio-biztanleriaren integrazio soziolinguistikoa txostena aurkeztu du; Donostia Ekialdeko Barrutiko bizilagunen artean migrazio-prozesuei lotutako integrazio soziolinguistikoa aztertzen duena. 2025 eta 2026 artean egin den ikerketa kualitatibo honetarako, gizarteko hainbat arlotan diharduten 15 pertsona elkarrizketatu dira: hezkuntza, kultura, administrazio publikoa, aisialdia, gizarte lana… Integrazio sozial eta soziolinguistikoaren faseetan herritarrek hizkuntzekin eta euskararekin duten harremanri erreparatu zaio: biziraupeneko integrazioan, lan edo hezkuntza arlokoan, integrazio sozial eta kulturalean, eta identitate-integrazioan.

Ikerketa honen abiapuntua Donostia Ekialdeko Barrutik gizarte gaien azpi-batzordeak eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak gaiaren inguruan agertutako interesa dago. Gainera, aurretik Soziolinguistika Klusterrak egindako beste ikerketa batzuei segida ematera eta osagarritzera dator lana. Besteak beste 1950-1970eko etorkinen integrazio soziolinguistikoa Altzan (2023) eta Jatorrian gaztelania hizkuntza ofiziala duten etorkinen integrazio soziolinguistikoa Gipuzkoan (2024).

Ikerketak integrazioa norabide biko prozesu gisa ulertzearen garrantzia azpimarratzen du. Horrenbestez, pertsona migratuek bizi duten ibilbidea ez ezik, harrera-gizarteak eskaintzen dituen baldintzak, harremanak eta oztopoak ere aztertu ditu, baita Ekialdeko Barrutiak eskaintzen duen testuinguru soziolinguistikoan euskararen tokiaren inguruan hausnartu ere. Azkenik, egoeran esku hartzeko kontuan hartu beharreko zenbait gako seinalatzen dira emaitzen txostenean.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN