Uma Pido võrozko kantu- eta folk-jaialdi bat da, Võrun inspiratua, eta habitat tradizionalean bizi den jendea eta beste norabait joan diren familiak eta jendea elkartzen ditu. Jaialdia bi edo hiru urtean behin egiten da txandatuz Võrun eta Põlvan —horiek dira eskualdeko gune nagusiak—.
Jaialdiak Estoniako kantu-jaialdi tradizionalaren formatuari jarraitzen dio: egunez, abesbatzak aire zabaleko leku batean biltzen dira, entseatu egiten dute eta elkarrekin abesten dute; iluntzean, kontzertu-showa ematen da ikusleentzat. Ekitaldiaren eguna une gorena da, eta abesbatzak urtebetez edo gehiagoz prestatzen dira hartarako. Ekitaldiaren aurretik, urtebetez, abesbatzak askotan elkartzen dira entseatzeko, bai herrietan, bai eskualdean. Kantu tradizionalak zein modernoak abesten dituzte elkarrekin. Kantuak tokiko musikariek, kapera-maisuek eta Estoniako konposatzaile nagusiek moldatzen dituzte. Prestaketa-garaian, harreman eta lankidetza estua izaten da komunitatean eta abeslarien eta musikarien artean. Jaialdia tokiko jendearekin antolatzen du tokiko jendearentzat, baina Estoniako eta munduko beste edozein lekutako parte-hartzaileek eta gonbidatuek ere egin dezakete bat.
Jaialdiaren ideia 2006an sortu zen urtero egiten den Kaika udako unibertsitatean, Põlvako eta Võruko eskualde-agintariek eskualdeko kultur lankidetzaz jardun zutenean. Elkarrizketa hartatik sortu zen jaialdien tradizioa. Lehenengo Uma Pido ekitaldia Võrun egin zen 2008an; bigarrena, Põlvan, 2010ean; eta hirugarrena, Võrun, 2013an. Aurten (2016), Põlvan egingo da berriro jaialdia.