Ulerrizketa: gaitasun mugatua dutenekin euskaraz hitz egiten hasteko bide bat

Ulerrizketa Metodologia. Aldahitz ikerketa argitalpen digitala zabaldu dute Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak. Aldahitz proiektuaren zuzendaria, Pello Jauregi, eta koordinatzailea, Pablo Suberbiola, dira egileak. Tarteko ulermen maila duten pertsonekin euskaraz aritzeko balio du metodologiak eta lantokien testuinguruan probatu eta egokitu da. Sarean eskuragarri dago argitalpen osoa eta bere edukiek Creative Commons lizentziapean partekatzeko baimena dute. Urriaren 30ean mintegia egingo dute Gasteizko Goiuri Jauregian metodologia aurkeztu eta erabili dezaketen pertsonak trebatzeko.

  • Ulerrizketa metodologia garatu dute Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak Aldahitz proiektuaren baitan.
  • Tarteko ulermen maila duten pertsonekin euskaraz aritzeko balio du metodologiak eta lantokien testuinguruan probatu eta egokitu da.
  • Urriaren 30ean mintegia egingo dute Gasteizko Goiuri Jauregian metodologia aurkeztu eta erabili dezaketen pertsonak trebatzeko.

Ulerrizketa Metodologia. Aldahitz ikerketa argitalpen digitala zabaldu dute Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak. Aldahitz proiektuaren zuzendaria, Pello Jauregi, eta koordinatzailea, Pablo Suberbiola, dira egileak. Sarean eskuragarri dago argitalpen osoa (soziolinguistika.eus/Ulerrizketa) eta bere edukiek Creative Commons lizentziapean partekatzeko baimena dute.

Ulerrizketa metodologia ulertzaile eta mintzatzaile roletan oinarritzen da. Euskarazko tarteko ulermen gaitasuna duten pertsonen eta hitz egiteko gaitasun ona dutenen artean euskarazko elkarrizketak bideratzeko irizpide eta gomendio sorta da metodologiaren oinarria. 2016. urtetik mota ezberdinetako lantokietan probatua eta garatua izan da. Lantoki horietan gauzatutako esperientzietan ikasitakotik findu da Ulerrizketa metodologia eta argitalpenak esperientzia horiek zabaldu eta ugaritzeko gonbite eta euskarri izan nahi du.

Liburuan hizkuntza-ohitura aldaketen eta Ulerrizketa metodologiaren oinarri teorikoak jasotzen dira; Ulerrizketa praktikara eramateko gakoak, irizpideak eta aholkuak xehetasun osoz ematen dira; Ulerrizketaz baliatu nahi dutenentzat formazioa nola egin azaltzen da;  eta metodologia hau aplikatzeko beharrezko material guztiak (fitxak, gidoiak, galdetegiak) irakurlearen esku jartzen dira.

Urriaren 30ean mintegi teknikoa

Urriaren 30ean Gasteizen mintegi teknikoa eskainiko da Ulerrizketa eta Eusle metodologiak ezagutu eta erabiltzeko jardunbideak jaso nahi dituen orori zuzenduta. Goiz bateko iraupena izango du (9:30etatik 13:30ak arte) eta ikuspegi teknikotik hizkuntza ohituren aldaketa prozesuak (euskararen aldera) errazteko tresnetan interesa duten denetariko teknikari eta profesionalei zuzentzen zaie. Besteak beste, honako hauei: aholkularitza enpresetan lanean ari diren teknikariei, administrazio publikoetako euskara teknikari zein arduradunei, herrietako euskara elkarteetako langileei, enpresetako euskara batzordeetako kideei, unibertsitateko irakasle eta ikerlariei, ikastetxeetako zuzendari zein guraso elkarteetako kideei, euskaltegietako arduradun zein irakasleei, eta abar.

Parte hartzeko, beharrezkoa da mintegian izena ematea urriaren 23a baino lehen. Matrikulak 60 euroko prezioa du.

Aldahitz ikerketa, 2010. urteaz geroztik Soziolinguistika Klusterrak gidatutako ikerlerroa da. Urteotan, aztergai nagusia izan ditu lan alorrean ematen diren hizkuntza-ohituren aldaketa prozesuak, eta ikerketa ekintzarekin uztartuz luze aritu izan da zeregin horretan. 2012an sortutako Eusle metodologia da hizkuntza-ohituren aldaketa errazteko eta ikertzeko egitasmoak garatu duen tresna nagusia. Hortik aurrera, egitasmoak beste bi baliabide prestatzeari ekin zion: Ulerrizketa metodologia eta Uler-saioak metodologia. Metodologia hauek lan munduaren inguruan sortu badira ere, beren aplikazio eremua ez da hartara mugatzen. Egokipenak egokipen, ez dago aparteko zaitasunik lan esparrutik kanpo beste gizarte eremu batzuetan ere Aldahitz ikerketan sorturiko metodologiak aplikatzeko.

Aldahitz proiektuan bazkide-partaide dira Artez Euskara Zerbitzua, Ahize-AEK aholkularitza, Elhuyar aholkularitza eta Emun aholkularitza. Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia babesle eta partaide dira.

Aldahitz ikerketa – Ulerrizketa metodologia

Egileak: Pello Jauregi Etxaniz, Pablo Suberbiola Unanue

Argitaratzailea: Soziolinguistika Klusterra

ISBN: 978-84-943708-5-4

Licencia de Creative Commons
 

2019ko urria

Eskuratu argitalpena pdf-n

 

 

 

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN