Proiektuak

Egoera soziolinguistikoaren azterketarako eta bertan euskararen biziberritzearen alde esku hartzeko bideen gaineko proiektuak gauzatzen ditugu, metodo zientifikoak erabiliz. Diziplina anitzeko lantaldeen bidez lan egiten dugu, egitasmo bakoitzaren beharren arabera egokituta.
Este apartado solo está disponible en euskera Ver

Hizkuntzen erabileraren kale neurketa. Euskal Herria, 2021

2021eko Hizkuntzen erabileraren kale neurketaren emaitzak eskualdeka xehetu daitezke eskualde gatzuen kasuan. Beste batzuetan, ez da nahiko datu-bilketa zabala egin eskualde mailako emaitza esanguratsuak eta fidagarriak eman ahal izateko. Datuen hauen ondorio nagusiak Olatz Altuna ikerketaren zuzendariak 2022ko ekainaren 22an Euskal Soziolinguistika Jardunaldian eman zuen hitzaldian aurkeztu ziren. Euskarazko tokiko komunikabideen TOKIKOM sareak honako grafiko interaktiboak landu ditu Soziolinguistika Klusterraren datuetatik abiatuta.

Ikerketaren ibilbidea

Hizkuntzen erabileraren kale-neurketak ibilbide luzea egin du. Behaketa bidezko neurketa-metodoa Siadeco Ikerketa Taldeak sortu zuen 1983. urtean, Iñaki Larrañaga soziolinguista aitzindariaren gidaritzapean. EAEn zentsuaren bidez hizkuntza-gaitasunari buruzko datuak jasotzen hasi zirenean garatu zen, egoera soziolinguistikoa modu osatuagoan deskribatzeko. Lehen esperientzia horien ostean, Euskal Herriko neurketaren lehen eta bigarren edizioak bideratu zituen Euskal Kultur Batzarreak (EKB) 1989an eta 1993an. Geroztik, beste zazpi aldiz errepikatu du Soziolinguistika Klusterrak (aurrez SEI Elkarteak): 1997, 2001, 2006, 2011, 2016 eta 2021.

Ikerketaren edizio guztiek oinarri metodologiko bera dute, baina, neurketa batetik bestera, hobekuntzak egin dira, emaitzen sendotasuna eta zorroztasuna handitzeko. 2011. urtean, lagin-akatsa kalkulatzeko eredu matematikoa sortu zen, erabilera-datuen adierazgarritasun-maila ezagutzeko. 2016an, datuak telefono mugikorraren bidez jasotzeko urratsa eman zen, udalerri txikietan. 2021ean orokortu egin da mugikor bidezko datu-bilketa herri guztietara, eta, horrez gain, laginketa-eredua hobetu da.

Gaur egun, ikerketa hau ezinbesteko erreferentzia da, euskararen egoera deskribatzeko edo lan-ildoak zehazteko, hizkuntza-politikako arduradunentzat, ikertzaileentzat edota euskararen aldeko lanean dihardutenentzat, esaterako.

Helburuak

Hiru helburu nagusi izan ditu 2021eko edizioak:

1 – Euskal Herriko kaleetako hizkuntza-erabilerari buruz datu enpirikoak eskuratzea.

2- Euskararen kale-erabilerari buruzko datuak aztertzea eta interpretatzea.

3- Hizkuntzen kale-erabileraren bilakaera ezagutaraztea, euskararen biziberritze-prozesuari begira hausnarketarako, hizkuntza-politikak erabakitzeko eta hizkuntza-plangintza diseinatzeko balio dezan.

Kokapenerako zenbait ohar

Hizkuntza-erabilera ez da egonkorra, ezta indibiduala ere; une bakoitzeko egoerak, solaskideek eta testuinguruak baldintzatzen dute. Horregatik, datuok interpretatzeko ukipenean dauden hizkuntzen erabilera-arau sozialak eta adierazle soziologikoak, demografikoak eta soziolinguistikoak hartu behar dira kontuan.

  • Euskal Herriko biztanlerian azken urteetan migrazio-saldo positiboa izan da, horrek dakarren kultur-aniztasunaren handitzearekin. Aldi berean, zahartze-tasak gora egin du.
  • 2020tik aurrera, COVID19aren pandemiaren eraginpean, are nabarmenagoa izan da aldaketa-giroa. Oro har, pandemiak nabarmen eragin du kaleko giroan eta herritarren arteko zuzeneko harremanetan. Kutsatzeko beldurrak, udalerrien itxiera perimetralek, etxeratze-aginduek, elkarretaratzeko mugek, tabernen ordutegi murrizketek eta abarrek herritarren bizitza aztoratu dute.
  • Azken 30 urteetan tokiak eta kaleak aldatu dira, baita jendeak kalean egoteko eta kaleak erabiltzeko moduak ere. Globalizazioak ekarritako logikan txertatu dira bizi-inguruneak eta Euskal Herriko kaleak, mendebaldeko beste edozein hiri-inguruk izan duen bilakaerarantz doaz; homogeneotasunerantz, estandarizaziorantz, eta, ondorioz, tokiko nortasunaren
  • Zonifikazioaren hirigintza-estrategiak eta auto zein errepideen ugaritzeak ekarri du, besteak beste, pertsonen egonaldiak urriagoak eta laburragoak izatea espazio publikoan; aurrez aurreko kontaktuak murriztu dira, soziabilitatea galdu eta, baita, segurtasun sentsazioa kolokan jarri
  • Kaleak eta plazak elkar zaintzarako baino, kontsumo eta produkzio logiketarako prestatu Merkantilizazio-prozesua gertatu da. Tokiko komertzioak desagertu dira, eta turistei edo aisialdira zuzendutako jarduerek tokia hartu dute.
  • Globalizazioaren eraginez sakon eta bizkor ari da eraldatzen gizartea. Lurralde arteko mugikortasuna erraztu eta handitu da, eta horrek kultur arteko harremanak ugaritzea eta garatzea ekarri du.
  • Aurrez aurrekoak ez diren harremanak indartu dituzte ingurune digitalaren hedapenak, hizkuntza-teknologien garapenak eta sare-sozialen fenomenoek.
  • Munduko hizkuntza gehienak arriskuan edo egoera zaurgarrian aurkitzen dira. Azken urteetan hizkuntza aniztasunaren galera handia gertatu da eta, aditu gehienen arabera, aldaketa esanguratsurik ezean, hurrengo hamarkadatan hizkuntza-galera asko areagotuko da.
  • Hainbat estatu-hizkuntza arduratuta agertu dira, globalizazioaren eta, batez ere, ingelesaren nagusitasunaren aurrean, beraien hizkuntzen presentzia eta erabilera apaltzen ari baita, etengabe.
  • Hizkuntza-erabilera hiztun-kopuruarekin eta hizkuntza-ohiturekin dago lotuta, batez ere. Baina euskaldunen proportzioaren datua eta euskararen kaleko erabilera-indizea ez dira zuzenean alderagarriak. Ezagutza-indizea datu aitortua eta indibiduala da; kale-erabilera, ordea, behatua eta kolektiboa.
  • Gaur egungo euskal hiztunaren profila ez da orain dela 30-40 urtekoaren berdina. Orain askoz ugariagoak dira euskara jakin arren erdaraz (frantsesez edo gaztelaniaz) hobeto moldatzen direnak. Izan ere, gaur egun haur eta gazte euskaldunen gehiengoak bigarren hizkuntza du euskara—eskolatik jasoa—, eta hiztun horietako askok, praktikan, erdaraz erraztasun handiagoa dute.
  • Euskaldun (ia) guztiek dute gaztelaniaz edo frantsesez hitz egiteko gaitasuna. Hau da, euskaldunen elkarrizketa guztiak (% 100) izan zitezkeen erdaraz. Euskaraz aritzeko gehienezko muga, ordea, % 100 horren oso azpitik dago, aski baita solaskide batek euskaraz ez jakitea erdaretara jotzeko. Testuinguru sozial eleaniztunean, ezagutzak ez du hizkuntzaren erabilera determinatzen, erabiltzeko aukera baino ez.
  • Erabilerak izaera poliedrikoa du, ertz asko ditu. Neurketa batetik besterako kale-erabileraren joera alda daiteke, eta fenomenoaren konplexutasunak ez du samurtzen aldaketa hori zer faktorek (edo faktore-konbinaziok) eragin duen asmatzea. Horregatik, ez da komeni irakurketak datu isolatuetara edo “igo/jaitsi” kontzeptuetara mugatzea, baizik eta joerei erreparatzea, eta, batez ere, joera horien jarraikortasunari.

Neurketaren ezaugarriak

Ikerketa hau behaketa bidez hizkuntzen erabilera neurtzeko metodoaren bidez burutu da. Metodo horren oinarria «Hizkuntza erabilera behaketa bidez neurtzeko gida metodologikoa» gidan dago jasota.

Neurketan, hizkuntzen ahozko erabilerari buruzko datu enpirikoak jaso dira. Kaleetan entzundako elkarrizketetatik atera da informazioa, espazio irekietan solasean ari ziren hiztunen jarduna behatuz, alegia.

Emaitzek Euskal Herriko kaleetako euskararen erabilera kuantifikatzen dute. Ikerketa deskriptiboa da honakoa. Ikuspegi kuantitatiboa du, eta, kaleko euskararen erabilera-maila neurtzeko, behaketa zuzenaren teknika darabil.

Teknika horren oinarrietako bat diskrezioa da. Hiztunak behatuak direla ohartu gabe jaso da beren hizkuntza-praktikei buruzko informazioa. Ikerketan ez dira datu pertsonalak tratatu edo erabili. Modu anonimoan bildu da informazioa, pertsona horiek identifika ditzakeen daturik edota elkarrizketa horien edukiaren gaineko informaziorik jaso gabe.

Elkarrizketa da behaketa-unitatea: kalean dagoen pertsona baten edo gehiagoren arteko solasaldia. Kaleko elkarrizketetan, behin baino gehiagotan erregistra daitezke hiztunak. Dena den, neurraldi berean, solaskide-talde bera hizkuntza berberean behin baino gehiagotan entzun den kasuetan, behin bakarrik jaso da praktika hori.

Kalean entzundako elkarrizketa horiek zein hizkuntzatan gertatu diren jaso dute neurtzaileek (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez edo beste hizkuntza batean). Gainera, elkarrizketa horietan parte hartu duten solaskideen ezaugarri batzuk bildu dira, zuzeneko behaketa bidez pertsonei egotzi diezazkiekegunak; inori ezer galdetu gabe: generoa, adina eta haurren parte hartze aktiboa, hizlari gisa.

Elkarrizketa oro hizkuntza bakar batean sailkatu da, horrela diseinatu zelako ikerketaren metodologia hastapenetik eta datuen konparagarritasuna ez galtzeko, besteak beste.

Neurtzaileek bikoteka egin dituzte behaketak. Datuak, nagusiki, Neurgailuaren bidez jaso dira, mugikorreko app bidez, alegia. Modu horretan, datu-bilketan diskrezioa hobeto bermatu da eta, unean une, behatu den elkarrizketa kopuruari jarraipen estua egin zaio.

Landa-lanaren ezaugarriak

  • 145 udalerritan jaso dira datuak. Euskal Herriko lurralde guztietako udalerriak, gune soziolinguistiko guztietakoak eta biztanle-kopuru desberdinetakoak.
  • Udalerri horietan 418 ibilbide behatu dira. Kale jendetsuenekin eta ezaugarri soziologiko desberdineko jendea neurtzeko aukera ematen dutenekin osatu dira herri bakoitzeko behaketa-ibilbideak.
  • Hego Euskal Herriko ibilbide guztietan 6 orduko behaketak egin dira: asteazken arratsaldetan, larunbat goizetan eta larunbat arratsaldetan. Ipar Euskal Herrian, berriz, 12 orduz egin da datu-bilketa ibilbide bakoitzean, oro har kalean jende gutxiago ibiltzen dela jakitun izanik; hau da, ibilbide bakoitza bi astez neurtu da seina ordutan.
  • Guztira 637 ordutan egin dira hizkuntza-praktiken behaketak ikerketa honetan, 2021eko irailaren 17an hasi eta urriaren 30era arte. Modu horretan, udazkeneko ordu-aldaketa baino lehenago burutu ahal izan zen jasoketa guztia, argi-orduei ahalik eta etekin gehien ateraz.
  • Euskal Herri osoan 336 neurtzaile profesionalek jardun dute datuak biltzen.
  • Gainera, pandemiaren hasieratik kalean ibiltzeko eta harremanak izateko osasun- eta lege-baldintza irekienak indarrean zeuden epealdian burutu zen: kutsatze-datuak baxuak ziren, ez zegoen kalean musukoaren derrigortasunik, ostalaritzan ez zegoen jendea multzokatzeko mugarik ezta ordutegi murriztapenik, ez zegoen herriz-herri mugitzeko debekurik…
  • Landa-lanean ez da intzidentzia larririk egon. Neurtzaileek kalean gertaera bereziren batekin topo egin dutenean (ekitaldiren bat, manifestazioren bat, ospakizunen bat…), esaterako, neurraldiren bat atzeratu da. Erabaki horiek guztiak ikerketaren zuzendariarekin edota landa-lanaren arduradunarekin hartu dira.
  • Ikerketaren unibertsoa Euskal Herriko kaleetako hiztunek osatzen dute. Mugikortasun handiko eremua da kalea, eta ez dago unibertso hori osatzen duten kideen eta elkarrizketen zerrenda ezagutzerik. Horregatik, lagina erabiltzen da unibertso osoari buruzko ondorioak ateratzeko.
  • Orotara, Euskal Herri osoan, 603.497 solaskide behatu dira 215.396 elkarrizketatan, emaitzen adierazgarritasun estatistiko egokia bermatuz.
  • Lagin horretatik abiatuz, udalerri bakoitzeko biztanle-kopuruaren arabera haztatu dira datuak, eskualdeetako, lurraldeetako eta eremu soziolinguistikoetako emaitzak kalkulatzeko.
  • Euskararen Euskal Herriko kale-erabileraren akats-tartea ±% 0,3koa da ikerketaren lagin osoarentzat, % 95,0ko konfiantza-mailan eta p=% 12,6 izanik.
  • Inoiz baino ordu gehiago behatu dira 2021eko edizioan. Horri esker, inoizko pertsona kopururik altuena behatu da. Behatutako solaskide kopurua kontuan izanda, Euskal Herrian inoiz egin den ikerketa kuantitatibo handienetako bat dela esan daiteke.

Atal honetan ikus daitezkeen grafikoak interaktiboak dira. Ikusgai dauden datuak iragazi daitezke legendako izen eta koloreetan sakatuta. Gainera, irudi moduan deskargatzeko aukera ere eskaintzen da, goiko eskuineko erpinean dagoen ikonoan klik eginda.

Azken bost urteotan, ez da gorabeherarik izan euskararen kale-erabilera orokorrean

Euskal Herriko kaleetan, euskaraz ari da zortzi lagunetatik bat. Gehiengoak gaztelaniazko elkarrizketaren batean parte hartu du, eta gainerako laguna frantsesez edo beste hizkuntza batean jaso da.

Oro har, euskararen presentziak ez du aldaketa nabarmenik izan; ez da presentziarik galdu kalean. Are gehiago, 1989. urtetik hona, 1,8 puntu egin du gora euskararen kale-erabilerak.

Hizkuntza 1989 1993 1997 2001 2006 2011 2016 2021
Euskaraz 10,8 11,8 13,0 13,3 13,7 13,2 12,6 12,6
Erdaraz (gaztelaniaz edo frantsesez) 89,2 88,2 87,0 86,7 83,7 83,1
Gaztelaniaz 76,4 75,8
Frantsesez 8,3 8,8
Beste hizkuntzetan 2,6 3,7 2,7 2,8
GUZTIRA 100,0 100,0 100,0 100,0 100,0 100,0 100,0 100,0

Ipar Euskal Herrian euskararen erabilerak beherantz jarraitzen du; beste lurraldeetan gorabeherak daude

Lurraldeak hiru multzotan sailka daitezke euskararen erabilera-mailari dagokionez: Gipuzkoan hitz egiten da gehien (% 31); hurrengo postuan kokatzen da Bizkaia, % 9ko erabilerarekin; eta % 5-6 inguruko erabilera-maila dago Araban, Nafarroa Garaian eta Ipar Euskal Herrian.

Beste hizkuntzak, berriz, Arabako kaleetan hitz egiten dira gehien (% 4,6), euskararen erabilera-mailaren pare; Ipar Euskal Herriko kaleetan entzun dira gutxien beste hizkuntzak (% 1,8); eta tartean kokatu dira gainerako lurraldeak (% 2,7). Proportzio berbera behatu da Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroa Garaian.

Azken bost urteotan, ez da aldaketa esanguratsurik gertatu lurraldeetako euskararen kale-erabileretan, akats-tartearen barruan baitaude datu-puntuen gorabeherak.[1]

Ipar Euskal Herrian beheranzko joera ikusten da euskararen kale-erabileran 1997tik.

Gipuzkoan, azken hamar urteetan sumatu da joera beherakorra. Araban, berriz, goranzko joera behatu da azken hamar urteetan. Nafarroa Garaian eta Bizkaian, azken bost urteetan, aldaketa txikia ikusi da (akats-tartearen barruan dago Bizkaiko aldaketa): Nafarroa Garaian, behera egin du erabilerak, eta Bizkaian, berriz, gora. Neurketa gehiago beharko dira joera horiek berresteko.

1989-2021 bitarteko bilakaerari erreparatuz, gora egin du euskararen kale-erabilerak EAEko lurraldeetan; eta, Nafarroa Garaian, berriz, joera gorabeheratsua antzeman zaio, nahiz eta gorabehera handiena 1,8 puntukoa den.

Eremurik euskaldunenean behera egin du euskararen kale-erabilerak

Hego Euskal Herriko gainerako eremuetan igo egin da euskararen kale-erabilera 1993tik hona.

1993tik 2006ra bitartean, goranzko joera zuen euskararen kale-erabilerak eremu soziolinguistiko guztietan. 2006tik, ordea, joera beherakorra hartu dute, euskaldunak /25-50 eta %…. diren guneek. Azken bost urteetan, eremurik euskaldunenean nabarmentzen da euskararen kale-erabileraren jaitsiera.

Ipar Euskal Herriari dagokionez, azken bost urteetan, ezagutza gutxiagoko eremuetan (BAM  eta Lapurdi barnealdea), ez da alde esanguratsurik egon euskararen kale-erabileran. Ezagutza gehiagoko eremuetan (Nafarroa Beherea eta Zuberoa), ordea, behera egin du euskararen kale-erabilerak, 2011ko mailara itzuliz.

EUSKARAREN KALE ERABILERAREN BILAKAERA, IPAR EUSKAL HERRIKO EREMUETAN, 2011-2021 (%)
2011 2016 2021
BAM (Euskaldunak % 8) 2,4 1,6 1,9
Lapurdi barnealdea (Euskaldunak % 25) 8,7 5,4 5,7
Nafarroa Beherea eta Zuberoa (Euskaldunak % 50)[2] 10,0 14,6 10,5

Azken bost urteetan, haurren erabilerak gora egin du

1989tik aurrera, euskararen kale-erabilerak gora egin du adin-tarte guztietan (bereziki, haurrenak eta gazteenak), adinekoen salbuespenarekin.

Euskararen kale-erabilera altuenetik txikienera hau da adin-taldeen hurrenkera: haurrak, gazteak, helduak eta adinekoak. Nabarmentzekoa da haurren erabileraren eta gazteenaren artean dagoela alde handiena. Beste hizkuntzak helduek erabiltzen dituzte gehien, eta adinekoek gutxien.

Helduen adin-taldea lehen aldiz bitan bereizi da 2021eko neurketan, eta heldu gazteek (25-44 urte) euskara gehiago darabilte heldu nagusiek baino (45-64 urte); 5 puntuko aldea dago. Gainera, heldu-gazteak gehiago entzun dira euskaraz hitz egiten gazteak baino.

Beste hizkuntzak helduek erabiltzen dituzte gehien, eta adinekoek gutxien.

Adin berekoen arteko elkarrizketetan, zenbat eta gazteago, orduan eta altuagoa da euskararen kale-erabilera. Kasu honetan, heldu gazteen arteko erabilera ez da gazteen arteko erabileraren aurretik kokatzen. Heldu nagusien arteko erabilera, berriz, gehiago hurbiltzen da adinekoen arteko erabilerara. Azkenik, haurren arteko erabileraren eta gazteen artekoaren aldea ez da hain handia.

Azken bost urteetan, haurren erabilerak gora egin du

Helduek gazteek baino gehiago erabiltzen dute euskara Nafarroa Garaian eta Bizkaian. Lurralde guztietan, haurrek hitz egiten dute gehien euskaraz, eta gutxien adinekoek.

Adin berekoen arteko elkarrizketei soilik erreparatuz gero, gazteen arteko kale-erabilera (% 7,7) helduen artekoa baino altuagoa da (% 5,8) Bizkaian. Nafarroa Garaian, ez dago alderik baten eta bestearen artean (% 4,4 eta % 4,6 hurrenez hurren). Azkenik, Araban eta Ipar Euskal Herrian, gazteen erabilera da altuena (% 6,2 eta % 6,7 hurrenez hurren), haurren artekoenaren gainetik ( % 3,9 eta % 4,9 hurrenez hurren).

Azken bost urteei begira, honako ondorio hauek nabarmendu daitezke:

  • Haurren erabilerak gora egin du Bizkaian, eta behera Ipar Euskal Herrian. Gainerako lurraldeetan, ez dago alde esanguratsurik. Arretaz begiratu behar dira hurrengo edizioan Bizkaiko eta Ipar Euskal Herriko haurren erabilerek hartzen duten joera.
  • Gazteen erabilerak gora egin du Araban, Bizkaian eta, bereziki, Ipar Euskal Herrian; eta behera Nafarroa Garaian eta Gipuzkoan.
  • Helduen eta adinekoen erabilerek behera egin dute Ipar Euskal Herrian eta Nafarroa Garaian. Gainerako lurraldeetan, ez da aldaketa esanguratsurik gertatu.

1989tik hona, berriz, honako ondorio hauek azpimarratu daitezke:

  • Lurralde guztietan egin du behera adinekoen erabilerak. Gehien (edo ia gehien) hitz egitetik gutxien hitz egitera pasatu dira.
  • Ia lurralde guztietan gora egin du haurren erabilerak. Nafarroa Garaiko haurrek duela 30 urteko erabilera-maila antzekoa dute.
  • Gazteen eta helduen erabilerei dagokienez, EAEko lurraldeetan gora egin dute; Nafarroa Garaian, ez da aldaketa esanguratsurik atzeman; eta, azkenik, Ipar Euskal Herrian, gora egin du gazteen erabilerak; eta behera helduen erabilerak.

Zenbat eta gazteago, orduan eta gehiago gailentzen zaio emakumezkoen euskararen kale-erabilera gizonezkoenari

Haurretan, gazteetan eta helduetan altuagoa da emakumezkoen euskararen kale-erabilera gizonezkoena baino. Portaera hori aurreko edizioetan ere behatu da. Desberdintasun handiena haurren eta gazteen adin-taldeetan gertatzen da. Adinekoen kasuan, ordea, gizonezkoek emakumezkoek baino gehiago darabilte euskara.

Beste hizkuntzek presentzia handia dute heldu gizonezkoen arteko elkarrizketetan; heldu gazteetan gehiago heldu nagusietan baino.

Haurrak eta nagusiak batera daudenean euskararen erabilera altuagoa da, bereizita daudenean baino

Euskararen erabilera-daturik altuenak haurrak eta nagusiak daudenean jasotzen dira, eta baxuenak haurrik ez dagoen elkarrizketetan. Nagusien erabilera bikoiztea edo hirukoiztea dakar haurrak solaskide izateak, lurralde guztietan.

Beste hizkuntzen kasuan, haurren arteko erabilera oso urria da; baina horiek nagusiekin elkartzen direnean, gora egiten du beste hizkuntzen kale-erabilerak, nagusien arteko erabilera-mailaren parera iristeraino.

Haurrak eta nagusiak nahastuta egiten den euskararen erabilera altuena izan da edizio guztietan. Gainera, goranzko joera sumatzen zaio. Haurren arteko elkarrizketetan, aurreko joera negatiboa aldatuz, gora egin du euskararen erabilerak azken bost urtean. Beste neurketa batzuk beharko dira haurren arteko kale-erabileran joera-aldaketa gertatu den berresteko.

Hiriburuetan altuagoa da beste hizkuntzen erabilera Euskal Herri osoan baino

Donostian, euskararen kale-erabilera % 15,3koa da, eta gainerako hiriburuetan % 2,5-4 artean dago. Aipagarria da, hiriburuen hurrenkeran, Gasteiz bigarren postuan kokatu izana. Gogora dezagun Araba dela erabilera baxuena duen lurraldea. Gasteizen eta Bilboren kasuan, euskara, gaztelania edo frantsesa ez diren beste hizkuntzen kaleko erabilera azpimarratu behar da, % 4-5ekoa baita. Baionan, berriz, % 3,4koa da gaztelaniaren kale-erabilera.

Azken hamar urteotan, gora egin du euskararen kale-erabilerak Gasteizen. Gainerako hiriburuetan, ez da aldaketa esanguratsurik gertatu. 1989tik hona, Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan igo da euskararen kale-erabilera.

Euskal Herriko kaleetan, euskaraz ari da zortzi lagunetatik bat

Hego Euskal Herriko kaleetan gertatzen diren elkarrizketa gehienak gaztelaniazkoak dira eta Ipar Euskal Herrian frantsesezkoak. Euskarazko elkarrizketak gutxiengo nabarmena dira. Euskara hizkuntza minoritarioa da, gutxiengoak darabilena; baina, batez ere, minorizatua edo gutxitua da. Euskara egoera zaurgarrian dago.

Bere lurraldean gutxiengo batek bakarrik menderatzen du euskara. Baina, Ipar Euskal Herrian ia herritar guztiek dakite frantsesez, eta Hegoaldean gaztelaniaz. Gainera, bizitza pertsonalaren nahiz sozialaren funtzio guztiak bete daitezke frantsesez edo gaztelaniaz inolako arazorik gabe. Aldiz, ezinezkoa da euskara erabiltzea hainbat harremanetarako eta hainbat zeregin aurrera eramateko.

Kaleko behaketek erakusten dute euskararen erabilera baldintzatuta dagoela. Batetik, gutxiengo izaerak baldintzatzen du, hiztun elebidun euskaldunak solaskide euskaldunak behar dituelako euskara erabili ahal izateko. Bestetik, hizkuntza gutxitu izaerak eragiten du, baldintza legal, politiko, sozial eta kulturalen arabera hizkuntza bat ala bestea hautatzea errazago edo zailago bihurtzen baita hiztun elebidunentzat.

Azken bost urteotan, ez da gorabeherarik izan euskararen kale- erabilera orokorrean

Oro har, euskararen presentziak ez du aldaketa nabarmenik izan azken neurketatik hona (2016-2021); ez da presentziarik galdu kalean. Are gehiago, 1989. urtetik hona, 1,8 puntu egin du gora euskararen kale-erabilerak. 2006an neurtu zen kalean euskararen erabilera-mailarik altuena (% 13,7), ondoren beherakada txiki bat neurtu zen (2011, 2016), eta azken bost urteetan erabileraren datuak ez du gora edo behera egin estatistikoki modu adierazgarrian.

Gainbehera zihoan hizkuntza gutxitua biziberritzeko prozesua emankorra izan da XX. mendearen erdialdetik hona, eta euskararen egoera soziolinguistikoa nabarmen hobetu da ordutik, orokorrean. XXI. mendearen lehen laurdenean, mundu globalizatu eta aldakorrean, hizkuntza handienek indar eta eragin oso handia dute; tartean euskararen lurraldean hegemoniko diren gaztelania eta frantsesak.

Munduko hizkuntza gehienak ere egoera kezkagarrian edo larrian daude, UNESCOk eta beste hainbat erakundek eta adituk, behin eta berriro, ohartarazi dutenez. Bioaniztasuna galtzen ari den modu berean ari da galtzen munduko hizkuntza aniztasuna, horrek dakarren giza-, kultur-, eta ezagutza-galerarekin.

Euskarak izango duen bilakaera ez dago ziurtaturik. Desagertze-prozesuan dauden hizkuntza-komunitateen errealitate gordinerantz jotzea gerta liteke. Edo Europako tamaina ertaineko hizkuntzen egoerara hurbildu daiteke, gaur egungo baldintzetara egokitzen asmatzen bada eta euskararen hautua egingo duten pertsonen bizimoduan funtzio esanguratsua betetzen badu.

Lurralde batetik bestera aldeak daude euskararen kale-erabileran, eta azken 30 urteetako bilakaera ere ez da homogeneoa lurralde guztietan

Euskal Herria ez da homogeneoa euskararen presentziari, ezagutzari eta erabilerari dagokienean. Kale-erabileraren emaitzek begi bistan utzi dute aniztasun hori: Gipuzkoan hitz egiten da gehien; ondoren, Bizkaian; eta azkenik, Nafarroa Garaian, Ipar Euskal Herrian, eta Araban (antzeko datua jaso da hiru lurraldeetan).

Epe luzeko ikuspegian, 1989tik 2021era, joera desberdinak izan dituzte administrazio eremuek: gora egin du euskararen kale-erabilerak EAEko lurraldeetan; Ipar Euskal Herrian, joera beherakorra du 1997tik; eta Nafarroa Garaian, berriz, gorabeheratsua da bilakaera, baina gorabehera txikiak dira, beti ere (1,8 puntuko aldakortasuna).

Hizkuntzen erabilera baldintza demografiko, ekonomiko, politiko eta kulturalen araberakoa izaten da. Erabileraren bilakaerak ezin dira faktore bakarreko kausa-ondorio dinamiken bidez azaldu. Konplexutasun horrek ezinezko bihurtzen du gune eta baldintza guztietarako eraginkorra izango den esku hartze formula asmatzea. Dena den, kaleko erabileraren lurraldekako bilakaeran ikus daiteke posible dela baldintzak hobetu eta progresiboki erabilerak gora egitea. Horrek, babes legala, ekonomikoa, eta etengabeko ahalegina eskatzen du, bai maila politikoan, bai sozialean, eta baita norbanakoen aldetik ere. Euskara sustatzeko politika aktibo iraunkorrak beharko dira, eta atxikimendu soziala eta herritarren hautu kontzientea, inertziak hizkuntza hegemonikoen alde egingo duelako beti.

Eremurik euskaldunenean behera egin du euskararen kale-erabilerak

Testuinguru soziolinguistikoak eragin handia du kale-erabileran;  eremu euskaldunenean entzuten da euskara gehien, eta alderantziz, gutxien erdaldunenean. Edizio guztietan gertatu da hori, baina desberdintasunak daude eremuetako erabileraren bilakaeran.

Duela hogeita hamar urte euskaldunak % 75 baino gutxiago ziren udalerrietan egin du gora euskararen kale-erabilerak 1993tik. Abiapuntuko erabilera-mailarekiko  hazkunde-proportzio handiena % 25-50 ezagutza-eremuak izan du, eta ondoren,  % 50-75 ezagutza-eremuak.

Oro har, eremu bakoitzaren barne-osaera aldatu egin da urteek aurrera egin ahala; eremu erdaldunena euskaldunduz joan den bitartean, eremu euskaldunena erdaldunduz joan da. Udalerrien konbergentzia-joera ikusten da; udalerri bakoitzeko euskararen ezagutza-maila aldatuz joan ahala, erdiko eremu soziolinguistikoetan gero eta udalerri gehiago daude eta muturreko eremuetan, berriz, gero eta gutxiago.

Nabarmentzekoa da eremu erdaldunean, alegia, duela hamarkada batzuk euskararik entzuten ez zen hainbat lekutan, euskararen erabilera hazi egin dela. Hala ere, hirigune handietan eta beste zenbait eremu geografikotan erabilera oso baxua da. Aipatutako eremuetako zenbait udalerri biztanleria handikoak direnez, bertan euskaldun kopuru handia bizi arren, proportzio txikia osatzen dute. Hiztunen proportzioak eta haien ikusgaitasun publikoa murrizteak minorizazioa dakar. Euskaldunen arteko dentsitate handiko gune erosoak sortu edo aurkitu ezean, euskara erabiltzeko aukerarik ere ez dute izango.

Aitzitik, eremu euskaldunenean erabilerak behera egin du. Herri ertain eta txikiak dira eremu honetakoak. Biziberritze-prozesurako interes estrategikoa dute euskaldun dentsitate handiko eremuek, bertan euskara modu naturalean transmititu, birsortu eta elikatzen baita. Arretaz jarraitu beharrekoak dira udalerri horietan hizkuntzaren bizi-indarrari eragiten dioten faktoreetan gertatzen diren aldaketak: ingurunean bertan bizi-proiektu bideragarriak garatzeko aukerak, hirigintza-proiektuen eragina, barne- eta kanpo-migrazio fenomenoak…

Adin-talde guztietan igo da euskararen erabilera 1989tik, adinekoetan izan ezik

1989tik 2021era haurren eta gazteen euskararen erabilera 4 puntu inguru igo da eta helduena 2,3 puntu. Adinekoen erabilerak 5,6 puntuko jaitsiera izan du. Azken neurketatik hona (2016-2021), haurren euskararen erabileran igoera neurtu da (%18,3tik % 19,3ra). Gazteen, helduen eta adinekoen erabilerak, aldiz, ez du gorabehera esanguratsurik izan (+/- 0,2) bost urte horietan. Euskararen erabilera baxuagoa da adin-talde bereko hiztunen arteko elkarrizketetan.

Duela hogeita hamar urte, gazteek zerabilten euskara gutxien kalean; gaur egun, ordea, adinekoek. Belaunaldi gazteetan euskaldunen proportzioak gora egin du, eta adinekoetan, aldiz, behera. Izan ere, 1989an adinekoen taldea osatzen zutenak desagertu ahala −euskaldunak zirenak proportzio esanguratsuan−, adinekoen multzora igaro dira orduan helduen multzo erdaldunagoa −guztietan erdaldunena− osatzen zutenak. Gainera, azken lau hamarkadatan, euskararen transmisioa asko zabaldu da. Besteak beste, eskolaren bidez euskaldundu dira milaka ume eta gazte.

Biztanleen adin-piramideari erreparatuz, gizartea zahartuz doan honetan, euskararen erabilera “gaztetu” egin dela esan daiteke. Euskarak adin-piramidea iraultzea lortu du: haurrak eta gazteak dira euskara gehien darabiltenak, eta helduak eta adinekoak gutxien. Hurrenkera hori aldatu izana lorpen sozial handia da. Izan ere, munduko eta Europako hizkuntza gutxitu gehienetan galera-prozesuaren hurrenkera mantentzen da, batez ere erabileran: adinekoek erabiltzen dute gehien eta gazteenek gutxien. Hori dela-eta, kualitatiboki, biziberritzerako egoerarik mesedegarrienean aurkitzen da euskara belaunaldien arabera.

Hurrengo urteetako bilakaerari begiratzean, garrantzitsua da haur eta gazteen joerei erreparatzea, nahiz eta biztanleria piramidean pisua txikia duten, eta beraz, baita erabilera-datu orokorrean ere. Kontuan hartu behar da eskolak euskaldundutako hiztun horien profil linguistikoa desberdina dela garai batean euskaldunen artean ohikoena zen profiletik. Gaur egun, euskaraz hitz egiteko gai diren gazte eta haur gehienek gaztelania edo frantsesa dute lehen hizkuntza, eta hizkuntza horietan mintzatzeko erraztasun handiagoa dute.

Era berean, azpimarragarria da euskararen kale-erabilera baxuagoa dela gazteen artean haurren artean baino. Hain zuzen, gazteen mundua ez dago euskarari haurrena bezain lotua. Esaterako, haurrei zuzendutako eskaintzan presentzia handia du euskarak (kultur eskaintza, aisialdi antolatua, udalekuak…); gazteenean, ordea, eskaintza hori helduei eta adinekoei zuzentzen zaienera hurbiltzen da, euskarazko aukerak murritzagoak dira, alegia (sare sozialak, musika, kirola…).

Zenbat eta gazteago, orduan eta gehiago gailentzen zaio emakumezkoen euskararen kale-erabilera gizonezkoenari

Emakumezkoek gizonezkoek baino gehiago hitz egiten dute euskaraz adin-talde guztietan, adinekoetan izan ezik. Aldea handiagoa da haurretan eta gazteetan. Oro har, Euskal Herriko lurralde guztietan errepikatzen da fenomenoa, eta neurketaren aurreko edizioetan ere behatu zen.

Euskararen biziberritze-prozesuan, emakumezkoen presentziak protagonismoa hartu du. Adibidez, emakumeen presentzia euskaltegietan edo euskararen aldeko egitasmoetan nabarmen handiagoa izan ohi da. Emakumeek eta gizonek euskara zein irudirekin eta zein baliorekin lotzen duten, eta horrek hizkuntza hautuan zein eragin duen aztertzea argigarria izan daiteke kaleetan behatutakoa hobeto ulertzeko. Euskararen erabilerak genero-rolekin duen harremana euskal soziolinguistikan gehiago sakondu beharreko gaia da.

Haurrak eta nagusiak batera dauden elkarrizketetan euskararen erabilera altuagoa da haurrak eta nagusiak bereizita daudenean baino

Are gehiago, haurrek eta nagusiek osatutako elkarrizketetan, gora doa euskararen kale-erabilera. Horrek erakusten du haurren eta nagusien arteko elkar-eraginak mesede egiten diola euskararen erabilerari. Guraso izateak askotan dakar euskararekiko kontzientzia eta praktika indartzea, eta haurrekin euskaraz aritzea. Indarrean dago haurren eta helduen arteko solasaldietan euskaraz egitera bultzatzen duen arau soziala. Baina era berean, aipatutako jokaerak ez du erabateko eragina berdinen arteko harremanetan, harreman-talde horizontaletan.

Euskara, gaztelania edo frantsesa ez diren beste hizkuntzen kale-erabilera % 3 ingurukoa da azken hamabost urteotan

Jatorri atzerritarreko biztanleak eta turistak dira beste hizkuntza horien hiztun potentzial nagusiak.

Jatorri atzerritarreko biztanleei dagokionez, kontuan izan behar da azken 20 urteetan biztanlerian duten pisua hirukoiztu egin dela Nafarroan eta laukoiztu EAEn. Gaur egun, Hego Euskal Herriko lurraldeetako biztanlerian duten pisua % 10 eta % 16 bitartekoa da. Soziolinguistikoki esanguratsua da, halaber, multzo horren barruan jatorritik gaztelania hiztunak % 50 baino gehiago direla.

Kale erabilerari erreparatuz, beste hizkuntzen hiztunak gutxiengoa dira eta, beraz, beste hizkuntza horietan hitz egiteko aukera mugatua da. Jatorri atzerritarreko biztanleria hazi arren, beste hizkuntzen erabileraren datua maila berean mantentzen da. Horrek iradokitzen du iritsi berri den populazio horrek tarte labur-ertainean lurraldean ohikoenak diren hizkuntzak (gaztelania eta frantsesa, nagusiki) erabiltzen dituela kalean.

Kale-neurketan jasotako beste hizkuntzen erabilera datuak bat datoz, neurri batean,  jatorri atzerritarreko biztanleriaren ezaugarri demografikoekin. Arabako kaleetan entzun dira, batez ere, euskara, gaztelania eta frantsesa ez diren beste hizkuntzak eta gizonezko helduen arteko elkarrizketetan nabarmendu da erabilera altuena −heldu gazteetan gehiago heldu nagusietan baino−.

Hiriburuetan nabarmentzen da beste hizkuntzen presentzia. Bilbon eta Baionako kaleetan euskara, gaztelania eta frantsesa ez diren beste hizkuntzen erabilera euskararena baino altuago da. Iruñean eta Gasteizen parekoa da beste hizkuntzen eta euskararen erabilera maila. Hiriguneek jatorri atzerritarreko biztanleriaren bizileku bezala eta turismo gune bezala ezaugarri bereziak dituztela kontuan hartu behar da.

Testuinguru honetan, euskararen erabileraren hazkunde nabarmena lortu nahi bada hurrengo hamarkadetan, egokitzapenak eta berrikuntzak aplikatu beharko dira joan den mendean abiatutako biziberritze-ekimenetan; besteak beste, hizkuntza-politiketan eta euskalgintza osatzen duten erakundeen eta mugimenduen jardunean. Nazioartean nahiz Euskal Herrian sortu diren erronka eta premia berriei eraginkortasunez erantzuteko indarberritze sakona behar da.

Ikerketa soziolinguistikoak funtzio garrantzitsua du egiteko horretan. Hizkuntzarekin lotutako egoera eta dinamika sozialak ulertzerakoan eta esku hartze eraginkorrak sortu eta hobetzerakoan, ezagutza zientifiko zorrotza hartu behar da oinarritzat. Era berean azterketa eta ikerketa-proiektu desberdinetatik eskuratutako informazioa eta jakintza trukatzeko, kontrastatzeko eta horren gainean hausnartzeko guneak beharrezkoak dira. Hizkuntza biziberritzeko egitasmo partekatuak ezagutza- eta hausnarketa-sare partekatua behar du.

Gizarte-bizitzaren esparru orotan euskararen erabilera erosorako aukera bermatzeko, euskaraz inongo eragozpen eta zailtasunik gabe egin ahal izateko, hizkuntza-biziberritze prozesua indartu eta zabaldu behar da. Erabilerarako baldintza erosoak bermatzeko bide horretan, euskararen ezagutza unibertsalizatzeak tarteko helburu gisa joka dezake, besteak beste.

Esan liteke, azken urte hauetako ikerketei, adierazpen publikoei eta esku hartze proiektuei erreparatuz, adostasun zabala dagoela landu eta jorratu beharreko alorretan. Gehien aipatu direnen artean, honako hauek daude: hezkuntzan haur eta gazteen euskararen ezagutza-maila egokia bermatzea, herritarren sentsibilizazioa eta erabilera-ohituren finkapena, helduen euskalduntzea, esparru sozio-ekonomikoa, eremu digitala eta hizkuntzaren teknologiak, eremu-ez formalean euskararen eskaintza (ikus-entzunezkoak, kirola, aisia…) bermatu eta biderkatzea, Euskal Herrira heldutako migratzaileen inklusioa eta aniztasunaren lanketa, euskal kultura sistema (sorkuntza nahiz kontsumoa) sendotzea, eta hizkuntza-eskubideen bermea.

Esparru horietako neurri eta politikak ezin litezke berberak izan leku guztietan, eta egokitu beharko dira Euskal Herriko eremu administratibo eta soziolinguistikoen errealitate askotarikoetara, zein jorratu beharreko sektore eta entitateen egoerara. Lurraldeen araberako aniztasuna, lan-arlo edo sektore bakoitzaren egoera, gizatalde bakoitzaren bizi-baldintzak eta ohiturak… guztiak hartu beharko dituzte kontuan garatuko diren ekimen eta politikek eraginkorrak izateko.

Bestalde, euskararen biziberritze-prozesuak garai berri hauetara egokituriko narratiba eta diskurtso berriak eraiki beharko ditu.  Euskararen biziberritze-prozesua kultur- eta hizkuntza-aniztasunaren defentsarekin batera landu beharko da. Gainera, feminismoa edo ekologismoa bezalako pentsamendu korronteekin eta gizartea aktibatzeko eta eraldatzeko gaitasuna erakusten duten mugimenduekin loturak estutzea oso baliagarria gerta liteke.

Euskararen biziberritzearena, ilusioz, erabakimenez, enpatiaz eta inteligentziaz gauzatu beharreko prozesu berritzaile eta eraldatzailea da, bizikidetza zainduz eta gizarte hobe bat eraikitzeko bidean.

Subs. ESP

Subs. FRA

Subs. ENG

Ikerketaren zuzendaria: Olatz Altuna Zumeta

Landa-lanaren arduraduna: Maialen Iñarra Arregi

Batzorde zientifikoa: Eneko Gorri, Iñaki Iurrebaso Biteri, Iñaki Martinez de Luna Perez de Arriba, Paula Kasares Corrales, Xabier Isasi Balantzategi

Espazio publikoaren azterketa: Oihana Santolaria del Campo, Koldo Telleria Andueza eta Irati Otamendi Irizar

Finantza-arduraduna: Isabel Godinez Hidalgo

Komunikazio arduraduna: Asier Basurto Arruti

Komunikazio Aholkularitza: Sorland Komunikazio Agentzia

Datu basearen arduradun teknikoa: Nestor Urrestaratzu Ramos (Datu Tailerra)

Azpiegitura informatikoaren arduraduna: IZT Informatika Zerbitzu Integrala

Aholkularitza estatistikoa: Eñaut Urrestaratzu Ramos (Datu Tailerra)

Neurtzaileen koordinazioa: Arrate Arbaiza Lekue (Araba), Lorea Zulaika Arriaga (Bizkaia), Belen Uranga Arakistain (Gipuzkoa), Maialen Iñarra Arregi (Ipar Euskal Herria) eta Oianko Garde Jaunsaras (Nafarroa).

Txostenen egileak: Olatz Altuna Zumeta, Maialen Iñarra Arregi eta Asier Basurto Arruti

2022ko maiatza

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Kutxa Fundazioa, Bilboko Udala, Vitoria-Gasteizko Udala, Iruñeko Udala, Donostiako Udala, Agoizko Udala, Aittu Euskara Elkartea, Amasa-Villabonako Udala, Andoaingo Udala, Anoetako Udala, Antzuolako Udala, Aretxabaletako Udala, Arrasateko Udala, Astigarragako Udala, Azpeitiako Udala, Bermeoko Udala, Debako Udala, Eibarreko Udala-Akebai, Erandioko Udala, Ermuako Udala, Errenteriako Udala, Eskoriatzako Udala, Galdakaoko Udala, Gernika-Lumoko Udala, Getxoko Udala, Gorbeialdeako Kuadrilla, Hernaniko Udala, Hondarribiako Udala, Laudioko Udala, Legazpiko Udala, Lekunberriko Udala, Lezoko Udala, Oiartzungo Udala, Oñatiko Udala, Ordiziako Udala, Pasaiako Udala, Sakanako Mankomunitatea, Txorierriko Mankomunitatea, Urduñako Udala, Urnietako Udala, Urretxuko Udala, Usurbilgo Udala, Zaldibarko Udala, Zarauzko Udala, Zestoako Udala, Zumaiako Udala eta Zumarragako Udala.

EUSKAL SOZIOLINGUISTIKA JARDUNALDIA 2022

Hizkuntzen erabileraren kale neurketa

Ekainak 22, asteazkena.

Bizkaia Aretoa (UPV/EHU), Bilbo

www.soziolinguistika.eus/jardunaldia

Araba

Gipuzkoa

Nafarroa Garaia

Bizkaia

Ipar Euskal Herria

2021eko Hizkuntzen erabileraren kale neurketaren emaitzak eskualdeka xehetuta aztertu daitezke zenbait eskualderen kasuan. Beste batzuetan, ez da datu esanguratsuak eta fidagarriak emateko behar adinako laginik jaso. Olatz Altuna ikerketaren zuzendariak aurkeztu zituen datu hauen gaineko ondorio nagusiak 2022ko ekainaren 22ko Euskal Soziolinguistika Jardunaldian eman zuen hitzaldian. Hemen behean aurkezten direnak, Soziolinguistika Klusterraren datuetatik abiatuta euskarazko tokiko hedabideen TOKIKOM sareak landu dituen grafiko interaktiboak dira.

Hizkuntzen erabileraren kale neurketaren 2021eko edizioan Euskal Herri mailako ikerketaren aldiberean udalerri mailako neurketak egin ziren hainbat kasutan. Neurketa berezi horietan, udalek berariaz eskatuta, udalerriko emaitza zehatz fidagarriak eskuratzeko beharrezko datuak jaso ziren horretarako diseinatutako neurraldi eta ibilbideetan. Udalerri horietan emaitzen aurkezpen publiko edo pribatua egin ostean aurkezpenak argitaratuko dira esteka honetan: