Ahozko komunikazioaren irakaskuntza, besteak beste, Interakzionismo Sozio-Diskurtsiboaren (ISD) Nazioarteko Kongresuan

Interakzionismo Sozio-Diskurtsiboaren (ISD) VII. Nazioarteko Kongresua izaten ari da egun hauetan (uztailaren 5etik 7ra) Donostian. Kongresuan hizkuntzaren interakzionismo sozio-diskurtsiboarekin lotutako ikerketak partekatzen ari dira eta honako izenburua du: Mintzaira-jarduera: ikerketak eta praktika didaktikoak mundu eleaniztunean. Zazpigarren topaketa honetan garrantzi berezia eman zaie irakaskuntza eleaniztunari eta haren barnean hizkuntza gutxituak aintzat hartzeko moduari.

Ecaterina Bulea Bronckart, Jean-Paul Bronckart, Eliane Lousada, Luzia Bueno, Ermelinda Barricelli, Fred Genesee, Itziar Idiazabal eta Joaquim Dolz ikerlariak dira partaide, hitzaldi edo saio nagusietan. Horiez gain, sinposioetako aurkezpen ugarien bidez eta hainbat posterretan hamaika gai jorratzen ari dira ikerlari parte hartzaileak.

Soziolinguistika Klusterrak Euskararen ahozko didaktikaren erronkak (S10) sinposioan parte hartu du, bi aurkezpenetan. Olatz Bengoetxea ikerlariak eta Nagore Murua Bergarako Mariaren Lagundia ikastolako kideak “Ahozkoa eskolan: irakaskuntza helburu izatetik harremanen erdigunean jartzera. Esperientzia baten berri” eman dute, batetik. Berbekin proiektuaren baitan egindako esku hartze zehatz bat oinarri hartuta. Bestetik, Leire Diaz de Gereñu eta Ibon Manterolak aurkeztu dute Olatz Bengoetxearekin batera osatutako komunikazioa: “Ahozko sekuentzia didaktikoek azaleratutako erronkak: formazio-ikerketa esperientzia bat testuinguru erdaldunean”.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN