Ikerketa Soziolinguistikoa Hizkuntza Katalanaren Eremuan V. Jardunaldietan parte hartu du Soziolinguistika Klusterrak

CRUSCAT sarea da Jardunaldien antolatzaile nagusia. CRUSCAT hizkuntza katalanaren akademiaren (IEC) baitan dago eta soziolinguistikako ikerguneak biltzen dituen sarea da. Katalanaren inguruan egindako ikerketa soziolinguistiko berrienak aurkezteko jardunaldi hauek bi urtean behin antolatzen dira; 2021ean egitekoa zen edizioa 2022ra atzeratu da eta urtarrilaren 25etik 27ra bitartean egin da, Bartzelonan IECk duen egoitza nagusian.

Soziolinguistikaren arloko ikerketak Herrialde Katalanetan duen oparotasunaren erakusgarri, 50 ikerketa-lan inguru aurkeztu dira jardunaldiotan. Katalanaren lurralde guztietakoak izan dira, gaitegi oso zabalarekin eta egile oso desberdinekoak (hasi berriak, ibilbide luzekoak, unibertsitateetakoak, administrazio publikokoak…). Jardunaldiuetako partaideen arteko harremanak eta bereziki gune informalak pandemiaren kontrako neurriek baldintzatu eta murriztu dituzte, baina hala ere, ezagutza-truke interesgarria eta aberasgarria eman da.

Soziolinguistika Klusterreko zuzendari Imanol Larreak parte hartu du Jardunaldietan euskara biziberritzeko ikergunearen izenean, aurreko beste edizio batzuetan bezala. Gainera, euskararen gaineko zenbait proiekturen aurkezpena egin du. Katalanaren inguruko soziolinguistikan oso ikerketa gutxi egiten da erabilera bultzatzeko esku hartzeari begira; hala ere, hainbat eragilek gero eta interes handiagoa azaltzen dute honen gainean. Horregatik, ikuspegi hori aplikatuz, Soziolinguistika Klusterrak garatzen dituen hainbat proiekturen panoramika-aurkezpena egin da, arloka antolatuta, euskararen testuinguru soziolinguistikoa azaldu ondoren.

Jardunaldietako saioen laburpen idatziak eta hiru egunetako jarduna jasotzen duten bideoak eskuragarri daude dagoeneko sarean.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN

Menua