Osasun zerbitzuetan hizkuntzak kudeatzeko ereduak landu dira NPLD-Coppieters Campusean

Urtero Europako Hizkuntza Berdintasuna Sustatzeko Sareak (NPLD) eta Coppieters Fundazioak elkarlanean antolatzen duten Campusa Helsinkin egin da irailaren 28 eta 29an eta Finlandiako Suediarren Asanblada izan dute antolaketan lagun. Asier Basurtok bertan parte hartu du, NPLDko kide den Soziolinguistika Klusterraren ordezkari gisa.

Herritarren bizimoduan presentzia eta garrantzia handiko eremua izanik, osasun zerbitzuek hizkuntza politika publikoen artean duten tokia nabarmendu da Campusean. Garapen maila desberdineko kasuak aurkeztu dira.  Europako hiztun komunitate gutxituen artean arlo honetan elkarlanerako gerturatzea bilatu da egun hauetan.

Campusaren egitarauan, zenbait hitzaldi izan dira Gales, New Brunswick (Canada), Finlandia eta Euskal Autonomia Erkidegoan hizkuntzak kudeatzeko indarrean dauden neurriak ezagutarazteko. Osasunaren eremuan frisiera sustatzeko ekimenen berri eman duen hitzaldia ere izan da. Horrez gain, hainbat mahai-ingurutan testuinguru anitzetan baliagarriak izan daitezkeen gakoak jorratu dituzte parte hartzaileek. Aipatutakoen osagarri, unibertsitate batean eta haur ospitale batean suediar gutxiengoaren eskubideak bermatzeko daramaten politika bertatik bertara ezagutzeko aukera eskaini zuten antolatzaileek; instalakuntzetara bisitak eta aurkezpenak barnebiltzen zituelarik. Campusari atxikitako egitarau kultural gisa, parte hartzaileek Helsinki erdigunean kokatutako Suediar Antzokiaren proiektua eta egoitza ezagutu zuten.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN