Euskaraz ahozko gutxieneko ulermena eskuratzeko metodologia zabaltzen ari da

Uler-saioak metodologian trebatzaile izateko talde berri bat prestatu da eta bederatzi esperientzia pilotu gidatuko dituzte.

Trebatzaileen formakuntza-prozesua

Uler-saioak metodologia Pello Jauregi EHUko ikerlari eta irakasleak sortu zuen Aldahitz proiektuaren baitan. Soziolinguistika Klusterrak 2020an argitaratutako liburuan bilduta daude metodologiaren oinarriak eta jarraibideak. 2023ko udaberrian Jauregi berak gidatu du formakuntza-programa sakona AEK, Elhuyar eta Emun erakundeetako kide bana metodologia honen aplikazioan trebatzaile eta aditu bihurtzeko. Orain, 2023ko udazkenean, beste 6 pertsonako trebatzaile-talde bat prestatzen ari da Uler-saioak metodologian oinarritutako esperientziak gidatzeko. AEK, Badalab, Beasaingo Udal Euskaltegia eta Emuneko kideak dira iraila eta azaroa artean formakuntza jasotzen ari direnak.

Esperientzia pilotuak

Azarotik aurrera 9 esperientzia pilotu abiatuko dira Hego Euskal Herriko hainbat udalerritako denetariko guneetan: EDE Fundazioa, CAF, Athletic Club, EJIE, SOS Arrazakeria, Koldokide Guraso Elkartea, Beasaingo ostalariak, … Euskaraz ahozko jarduna ulertzeko inongo gaitasunik ez duten ikasleek eta ulermen urria dutenek parte hartuko dute esperientzia hauetan; abiapuntu desberdinetatik abiatuko dira, beraz. Helburua da Uler-saioak metodologia erabili ostean B1 mailako ulermen-gaitasuna izatera heltzea. Hiru ziklotan bereizten da horretarako metodologia: Uler-saioak 1 zikloan, helburua da A1-eko ahozko ulermenera iristea, Uler-saioak 2 zikloan A2kora, eta Uler-saioak 3 zikloan B1era.

Uler-saioak metodologia garatzeko eta zabaltzeko dinamika, Soziolinguistika Klusterrak koordinatzen duen Aldahitz proiektuaren adar bat da. Klusterrak HABErekin elkarlana abiatu du lan-ildo honen inguruan, eta finantzazioan laguntzeaz gain, Helduen Alfabetatze eta Euskalduntze Erakundeak esperientzia pilotuen jarraipena ere egingo du. HABEz aparte, Badalab laborategiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, EJIEk eta Athletic Clubek ekarpena egin dute proiektuaren finantzazioan.

Uler-saioak metodologia

Uler-saioak metodologia euskaraz batere ez dakiten edo oso gutxi ulertzen duten kideek komunikazio naturalaren bitartez euskara ulertzeko gaitasuna garatzeko diseinaturiko metodologia da. Helburua da norbanakoek ahalik eta eperik laburrenean euskara ulertzeko gaitasuna eskuratzea, kalean eta ingurune naturaletan euskarazko harremanetan (ele biko elkarrizketen formatuan bederen) murgiltzeko aukera izan dezaten. Metodologia, funtsean, ingurune babestu batean garatzen da: gela batean, ordutegi baten barruan eta hizkuntza-soslai bera duten beste kide batzuekin batera. Bertan, trebatzaile batek euskarazko input ulergarri ugari ematen die kideei. Trebatzaileak, euskara erraza eta sinplea erabiliz, komunikazio-jarduerak bideratzen ditu, eta etengabe egiaztatzen du jasotzaileek ulertutakoa. Ez du metodologiak zuzenean garatzen euskaraz hitz egiteko gaitasuna. Ez die norbanakoei euskaraz egiteko eskatzen. Ulermena da foku bakarra, eta ondorioz norbanakoei dagokie etengabe egiaztatzea trebatzaileari ulertu diotena.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN