Bi urtez prestaketa lanetan ibili ondoren, Garabide, Soziolinguistika Klusterra, Taupa Euskaltzaleen Mugimendua eta Plazara eragileek “BIHAR” deituriko ekimena aurkeztu dute Bilboko Euskararen Etxean. Ezohizko dimentsioko proiektua da: munduko hizkuntza komunitate gutxituak erdigunean jarriz, hizkuntzen biziberritzearen inguruko kontakizunen eguneraketan jartzen du fokua.
Nazioarteko diagnostiko batean oinarriturik eta Euskal Herri osoko sozializazio prozesu batean indarra harturik, 2026ko irailaren 23tik 26ra lau eguneko Nazioarteko Kongresua antolatu da, Bilbo-Irun-Hendaia ardatzean. Munduari begiratzeko aitzakia eta mundu mailan kokatzeko aukera izango da.

Zergatik BIHAR?
Azken urteetan, hizkuntza gutxitudun komunitateekin egindako elkarlanek erakutsi dute euskaldunok eta munduko hizkuntza gutxitudun komunitateek antzeko premiak eta arriskuak partekatzen ditugula. Izan ere, nazioarte mailan hizkuntza gutxituen biziberritzea defendatzen zuten ohizko diskurtsoak ahultzen ari direla sumatzen da. Narratiba horren eraginkortasunaren galerak euskararen zein munduko bestelako hizkuntza gutxituen alde lanean diharduten eragileen kezka sortzen du.
BIHAR proiektua behar bikoitz batetik abiatzen da:
- batetik, Hego Globaleko komunitateetatik sortzen ari diren diskurtso berriak ikusgarri egitea—non hizkuntza beste borroka sozial batzuekin uztartzen den(feminismoa, ekologismoa, migrazio-mugimenduak)—;
- eta bestetik, ikuspegi berritzaile horiek euskal eragileengana hurbiltzea, esperientzia anitzen arteko elkartruke horizontala eta aberasgarria bultzatuz.
Proiektuaren hiru ardatzak
1 – Nazioarteko Diagnostikoa (2025)
Nazioartean, eta zehazki Hego Globalean, Ipar eta Hego Amerikako, Afrikako eta Asiako zein Europan eta Ozeanian kokaturiko hizkuntza komunitate gutxituetan, hizkuntzak biziberritzeko prozesuetan erabiltzen diren diskurtsoak eta kontakizunak identifikatu dira, komunitateak hizkuntzen alde aktibatzeko orduan erabiltzen diren diskurtso-estrategia horiek sakon aztertzeko asmoz. Ikuspegi intersekzionala aplikatu da: generoa, etnia, adina, klase soziala eta habitat-mota kontuan hartuz.
Antolatzaileek adierazi dutenez: “diagnostikoa esperientzia pertsonal sakonetan oinarritzen da, eta, horregatik, jasotako testigantzak askotarikoak eta konplexuak dira. Dinamismo hori dela eta, ikerketa honek etorkizunari begiratzeko elementu inspiratzaileak eskainiko dituela espero dugu, eta kongresuan izango da hori zehatz-mehatz aztertzeko aukera.”
2 – Sozializazioa eta Gogoeta (2026ko apirila-ekaina)
Diagnostikoaren gako nagusiak Euskal Herriko eragile anitzekin elkarrizketan jarriko dira: 10 herritan 20 saio antolatu dira, 150 lagun baino gehiagorekin. Euskalgintzako eragileen ondoan, beste herri mugimenduen ordezkariak ere gonbidatu dira (feminismoa, ekologismoa, migrazio mugimenduak), eta, garrantzitsua: euskaraz ez dakiten pertsonak ere bai, hizkuntzaren auzia gizarte osoaren kontua delako.
Antolatzaileek azpimarratu dutenez “funtsezkoa da ulertzea hizkuntza ez dela soilik hizkuntzatik pentsatu behar, baizik eta bizitzako bestelako erronketatik ere birpentsatu behar dela”.
Prozesuaren amaieran, ekainaren 4an, mintegi bateratua egingo da parte-hartzaile guztiekin, azken gurutzaketa kolektiboa eginez ekarpen komunitarioa eraikitzeko.
3 – BIHAR Nazioarteko Kongresua — 2026ko irailaren 23-26
Hizkuntzetatik jalgitzen ari den mundua leloa duen Nazioarteko Kongresuak, eduki akademikoak, gizarte-aktibismoa eta arte-adierazpena uztartuko ditu, Hego Globaleko eta euskal mugimenduko eragileen parte-hartzearekin.
Lau egunetan zehar hitzaldiak, mahai-inguruak, tailer parte-hartzaileak eta espazio kulturalak eskainiko dira, aurreko bi faseetan (diagnostikoan eta sozializazioan) bildutako irakaspen, diskurtso eta esperientziak erdigunera ekarriko direlarik. Kongresua manifestu parte-hartzaile baten argitalpenarekin eta sare global berri baten eraketarekin amaituko da.
Antolatzaileen esanetan, “BIHAR Nazioarteko kongresuak inflexio-puntu eta abiapuntu bat izan nahi du, diskurtsoak ardatz hartuta, komunitateen arteko elkarlana indartu, hizkuntzen gutxitze-prozesuen zergatiak aztertu eta biziberritzerako bide partekatuak sustatzeko”.
Kongresuaren egitaraua, labur
- Irailak 23 — BILBO- EUSKALDUNA JAUREGIA: Kongresuaren hasiera ekitaldia.
- Irailak 24-25 — FICOBA (Irun): Kongresuaren muina: hitzaldiak, mahai-inguruak, tailerrak. HENDAIA: programazio kulturala.
- Irailak 26 — HENDAIA: Manifestuaren aurkezpena eta itxiera ekitaldia.
Informazio gehiago: https://bihar.eus/


