Proiektuak

Egoera soziolinguistikoaren azterketarako eta bertan euskararen biziberritzearen alde esku hartzeko bideen gaineko proiektuak gauzatzen ditugu, metodo zientifikoak erabiliz. Diziplina anitzeko lantaldeen bidez lan egiten dugu, egitasmo bakoitzaren beharren arabera egokituta.

UEH ikerketa: Udalerri Euskaldunetako Haurrak eta euskara

Proiektu honetan udalerri euskaldunetako haurrek nagusiki euskara erabiltzeko hizkuntza-ohituratik gaztelaniara egiten duten aldaketa aztertu da. Horretarako, 7 udalerri euskaldunetako ikastetxeetan LH5. mailako ikasleekin egin da ikerketa, ikasleen ikuspegiaz gain, irakasle, zuzendari, guraso eta herrietako eragileena jasota. Metodologia kualitatiboan oinarritu da azterketa, hainbat ikerketa-teknika baliatuz.

Proiektuari buruz

Ondorio nagusiak

2021ean egindako Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketen emaitzek erakutsi zuten UEMAko zenbait herritan erabilera jaitsi egin zela. Ikastetxeetan egindako beste ikerketa eta hausnarketa batzuk, haur eta gazteen artean gaztelania erabiltzeko ohitura adin gero eta gazteagoan agertzean jarri dute arreta. Kezka horretan du jatorria 2021 eta 2022an egin den ikerketa honek.

Hauek dira UEH ikerketaren helburu nagusiak:

  • Haurrek adin gero eta goiztiarragoetan gaztelaniaz hitz egiteko eragina duten faktoreak identifikatzea
  • Faktore horietatik abiatuta, hizkuntza aldaketarako estrategiak proposatzea

Bestalde, bi zeharkako helburu ere jorratuko dira ikerketa honetan.

  • UEMAko udalerrietako hizkuntza-ohituren irudi orokor kualitatiboa osatzea
  • ikerketako parte-hartzaileen artean hausnarketa soziolinguistikoa bultzatzea.

Lehen Hezkuntzako 5. Mailako ikasleen errealitatea hobeto ezagutzeko, ikasleez gain, eskola horietako zuzendaritzako kideekin, irakasleekin, gurasoekin eta herriko eragileekin egin da ikerketa. Metodologia kualitatiboa erabili da: hizkuntza biografia eta hizkuntza erretratua, testuinguruaren ezagupena, rol-jokoak, konfrontazio saioak eta eztabaida taldeak.

Aztertu diren 7 eskoletan jasotako material guztia kontuan hartuta, udalerri hauetan euskararen bizi-indarrean eragiten duten 140 faktore edo adierazle baino gehiago identifikatu dira. Horietatik 30 eskola-mailan kokatzen dira, 30 herrietan, 50 Euskal Herriko fenomenoak dira, 8 orokorrak eta, bukatzeko, 27 faktorek ikus-entzunezkoekin daukate lotura. Beheko grafikoetan, antolatuta aurkezten dira faktore hauek guztiak.

Ikerketa Araba (1), Bizkaia (2), Gipuzkoa (2) eta Nafarroako (2) herri zehatz batzuetan egin da, elkarren arteko aniztasuna bermatuz. Herri horietako eskoletan ikusitako ezaugarrien arabera, hiru herri-profil bereizi dira:

  • Haurrentzako arnasguneak: haurrek euskararen erabilera oso handia dute eta hizkuntzarekiko lotura estua dute, etxeko hizkuntza edozein izanda ere. Gurasoen eta herriko eragileen kezketatik abiatuta ekimenak jarri dira abian euskararen erabilera sustatzeko.
  • Udalerri euskaldun tipoak: haurren euskararen erabilera altua da, batik bat ikasgelan. Euskara hutsean egiten duten familiak geroz eta gutxiago dira eskolan eta euskararen erabilera behera egiten ari da herrian. Herrian ez dago militantzia artikulaturik egoerari aurre egiteko.
  • Udalerri erasanak: gaztelaniaren erabilera nagusi da herrian eta euskararen erabilera behera egiten ari da, baita ikasgela barruan ere. Euskara hutsean egiten duten familiak geroz eta gutxiago dira herrian eta herrian ez dago militantzia artikulaturik egoerari aurre egiteko.

Egindako azterketatik 10 ondorio nagusi atera dira.

  • Euskara hizkuntza nagusia da ikasgelan, baina ikasgelatik kanpo bere erabilera gutxitu egiten da.
  • Eskolan gertatzen dena herrian gertatzen denaren isla da, baita helduen praktika linguistikoena ere.
  • Identifikatu diren faktore gehienak elkarren artean lotuta ageri dira eta haurren eskumen eta fokutik kanpo daude, baita UEMAren irismenetik kanpo ere.
  • Herritarren eta, honenbestez, haurren profila aldatzen ari da: geroz eta gehiago dira etxeko hizkuntza euskara ez dutenak.
  • Gizartea eraldatzen ari da eta hizkuntza dinamika berriak agertu dira: udalerri euskaldunetako haurrek mundura begirako bizitza-ikuspegia dute.
  • Herriko eragileen artean elkarlanik ez dagoenean, hiztun komunitatea banatuta dago eta honek euskararen erabileran eta atxikimenduan eragiten du.
  • Ez dago nahikoa baliabiderik euskararen erabilera bultzatu eta herrietako euskalgintza berraktibatzeko.
  • Eskualdeetako inertziek eta ezaugarriek eragin handia dute udalerri euskaldunetako hizkuntza ohituretan.
  • Jasotako erantzun eta hautemate asko ezkorrak diren arren, datuek ez dute euskararen egoeraren atzerakada dagoenik esaten.
  • Haurrak jakitun dira euskararen egoera zein den, eragiten duten faktoreak identifikatzen dituzte eta euren ikuspegia helduena baino baikorragoa da.

Zuzendaria: Eider Saragueta (DREAM ikerketa taldea-EHU)

Koordinatzailea: Beñat Garaio (Soziolinguistika Klusterra)

Garapen Taldea: Mariate Bizkarra (IkHezi ikerketa-taldea-EHU), Iñaki Eizmendi (EBETE), Garikoitz Goikoetxea (UEMA),  Jone Goirigolzarri (Deustuko unibertsitatea), Karmele Perez (HUHEZI-Mondragon Unibertsitatea)

Sustatzaileak: Soziolinguistika Klusterra eta UEMA

Babesleak: Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza (Gipuzkoako Foru Aldundia) eta Euskarabidea (Nafarroako Gobernua)