Asociación Socio-Pedagóxica Galega elkarteak jarri zuen martxan irakasle eta ikasleentzako proiektu hori, duela hamasei urte. Jende gazteak galegoa geroz eta gutxiago erabiltzen zuelako sortu zen ekimena.
Proiektuaren helburua hau da galegoaren ahozko erabilera eta, honenbestez, haren normalizazioa sustatzea, jende gaztearen ohiko komunikazio-tresna bilaka dadin, istorioak sortzeko eta birsortzeko erabil dezaten, eta hezkuntza-sistemako hizkuntza izan dadin. Laburbilduz, dagokion eremua itzultzea galegoari da proiektuaren xedea.
Ahozkotasunari buruzko irakasleentzako trebakuntza-jardunaldi batzuk antolatzen ditu Tíralle da lingua-k, bai eta ahozko kontakizunen lehiaketa bat ere Galizia osoko ikasleentzat (ikastetxe bakoitzean, lehenik, eta, azkenik, Santiagon, fase zentralizatua).
Berariazko helburuak, berriz, hauek ditu proiektuak: galegoaren normalizazio-prozesuari laguntzea; gazteen artean galegoaren erabilera aktiboa bultzatzea, ohitura-aldaketaren eragile izan dadin; ahozko erabilera sustatzea, galegoa hitz egin eta entzun dadin, eta gure hizkuntzaren balioa berreskuratzea komunikazio-elementu, gure kulturaren transmisio-tresna eta gure errealitatea ezagutzeko lanabes izan dadin.
Saio bakoitzean, 2.000 bat laguni iritsiko zaie ekintzaren eragina, kontuan harturik irakasleak, prozesuaren bi fasetan jardungo diren ikasleak (ikastetxeetan eta azken fasean) eta ikasgeletako ahozkotasun-ekitaldiak.