Korrika AEK-k jarri zuen abian, 1980an. Orduko hartan, euskara berreskuratzeko ekimena izan zen, eta, egun, euskararen normalizazioa eta sustapena du helburu. Bi urterik behin egiten den ekimena da, euskararen lurraldearen luze zabaleran garatzen dena. AEK-k bere hastapenetatik antolatzen du KORRIKA. Lehen edizioa 1980an izan zen, eta, egun, euskararen aldeko ekimenik handiena bihurtu da Euskal Herrian, euskararen herrian. Hamar egunean egiten den lasterketa erraldoia da: iparra eta hegoa, ekialdea eta mendebaldea lotuz, 2.500 kilometro egiten dira, gau eta egun, gelditu gabe. Formula zaharra da, elkarlana eta auzolana irudikatzen dituena.
Korrika hasi eta amaitu arte, korrikalari batetik bestera pasatzen da lekukoa, eskuz esku eta kilometroz kilometro; lekuko horren barruan, euskaldun ezagun batek Korrika helmugara iristean irakurriko duen mezua doa, ordura arte sekretupean gordetzen dena.
Ehunka mila lagunek hartu izan dute parte aurreko Korrika edizioetan. Euskal Herriko jendartea astintzen duen gertakari bilakatu da Korrika. Bi urterik behin egiten den lasterketan parte hartzen duen jende-kopuruak gora egiten du etengabe. Korrikaren antolaketan milaka lagun aritzen dira herriz herri eta auzoz auzo eratutako batzordeetan, eta kanpainak irauten duen bitartean ehunka jaialdi, kultur ekitaldi eta abar antolatu ohi dira.