Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazo-talde bat da, euskara eta alaitasuna uztarturik, urtero gai jakin bati lotutako balio eraikitzaileak jorratzen dituena.
Pailazoak izanik, antzerki-ikuskizunak sortzen dituzte, urtero bat berria. Ikuskizun horretan gai bat aukeratzen dute lantzeko, eta, antzerkiarekin batera, kantua eta dantza dira beren tresnak balioak helarazteko.
Gizartean ikusten dituzten gaietatik sortzen dituzte ikuskizunetarako gidoiak: elikagaien kalitatea eta jatorria, ekologia, kultur-aniztasuna, etorkinen egoera, familia-ereduak… Aukeratutako gaiak gai sozialak dira. Urtero konpontzen dute mundua, asmo horrekin abiatzen baitira, eta, hurrengo urtean, berriz ere konpontzeko gaia aurkitzen dute. Inguruan erakusten diguten mundu zuri-beltza beren koloreetako begietatik pasatzen dute, eta saiatzen dira mezu baikorrak proiektatzen, eraikitzaileak, lantzen dituzten gaien inguruan. Hori da haien xedea eta lana.
Zuzeneko antzerki-ikuskizunez gain, bitarteko desberdinak erabiltzen dituzte beren lana eta mezua helarazteko. Musika-disko bat argitaratzen dute urtero, aukeratutako gaiarekin eta antzerki-ikuskizunarekin lotutako ipuintxoak eta abestiak biltzen dituena. Halaber, DVD bat kaleratzen dute, egiten dituzten ikuskizunekin, eta landu duten gaiarekin zerikusia duen erreportajeren batekin.
Bestalde, ipuinak ere kaleratzen dituzte: haur txikiei begira, kartoizko ipuinak, gai ezberdinak lantzen dituztenak; handixeagoak diren umeentzat ere badituzte ipuinak, karta-jokoak, jolasak, puzzleak eta abar. Eta horien bidez ere helarazten dute beren mezua.
Hitzargiak
Pirritx, Porrotx eta Mari Motots
JARDUNBIDEA
Katxiporreta koop.
HIZKUNTZA
Euskara
ERAGIN ESPARRUA
Transmisioa, Pailazogintza, Pedagogia