Oarsoaldean (Errenteria, Oiartzun, Lezo eta Pasaia) familia bidezko euskararen transmisioa sustatzeko ekimena da. Haurren adin-tartearen arabera, familiei komunikazioa, orientazioa eta materiala eskaintzen diegu. Halaber, 12-16 urte arteko gazteentzat aisialdi-eskaintza dugu.
Komunikazioari eta sentiberatzeari garrantzi berezia ematen diogu, eta haiek hartzen dute pisurik handiena antolatutako ekintzetan.
Komunikazioari dagokionez, mezua gizarte osoari zabaltzen zaio, prentsa idatziaren eta irratiaren bidez. Guraso euskaldunei bikote-hizkuntza euskara izatearen garrantziaz jabearazteko eta sentsibilizatzeko, adibidez, irrati-tarteak emititzen ditugu. Haur jaioberrien gurasoei bideratutako zenbait liburuxka eta gida ditugu, gainera: Guraso gara gida, Haurren hazkuntza faseak eta hizkuntza liburuxka, Hazi-Hezi aldizkaria eta Euskarazko produktuen katalogoa 3-16 urte arteko ikasleentzat. Bide desberdinetatik helarazten dizkiegu horiek guztiak.
Egiten ditugun ekintzak honako hauek dira:
1. Oarsoirriak egitasmoa. Herrien baliabideak probestuz urteko aisialdi egitarauak osatu dira lau herrietan; hiru hilean behin, herri batekoa den ekintza bat eskualdeko bihurtzen dugu gainerako herriei bertaratzeko gonbita eginez. Bestalde, Irrigintza jaia antolatzen dugu udazkenean, eta Eskualdeko ikastetxeetako 3-8 urte artekoen gela guztiak dira Irria aldizkariaren harpidedunak dira.
2. Kuadrillategi egitasmoa. Lagunarteetan biltzen diren gazteen hizkuntza-ohiturak aldatzeko egitasmoa da (aisialdirako eskaintza bat), bikoteak osatzen dituztenerako bikote hizkuntza euskaraz finka dezaten, besteak beste. 12-16 urte bitarteko lagunarteei zuzendutako egitasmoa da. Kudeaketari dagokionez, herri bakoitza modu autonomoan aritzen da, baina eskualde mailako gutxieneko koordinazio orokorrari eusten diogu, matrikulazioa, euskarriak, irudia, ekintza batzuk eta abar elkarrekin egiteko.
3. Guraso erdaldunentzako euskara ikastaroak. 0-12 urteko arteko haurren guraso edo bikotekide erdaldunentzako euskara-ikastaro bereziak eskaintzen ditugu, ikasturte osoan zehar.
JARDUNBIDEA
Oarsoaldea Garapen Agentzia
HIZKUNTZA
Euskara