Ras yr Iaith (Galeseko ‘Korrika’) bigarren aldiz egingo da aurten, 2016ko uztailaren 6tik 8ra bitartean. Iparretik hegoaldera korrika, Galeseko 25 hiri eta herri zeharkatzean datza. Ras, gainera, elkarlanean arituko da Galeseko beste zenbait erakunde eta kirol-elkarterekin. 1 km-ko babesletzak 50 £ balio du, eta Galeseko erakunde, enpresa, eskola, udaletxe, klub, eliza eta banako ugariren ekarpena espero dugu.
Logistikaren ikuspegitik, ia guztiz ezinezkoa da Ras-ek korrika egitea ibilbide osoa, Euskal Herriko Korrikan eta Bretainiako ‘Redadeg’-en egiten den bezala. Ras-en automobilak eramaten du makila hiri batetik bestera. Izan ere, segurtasun-arazoak, zirkulazioaren kudeaketa, antzeko ospakizun ‘gehiegi’ izatea eta Galeseko errepideen ezaugarriak (estuak, bihurriak, heskai garaiak) kontuan harturik, antolatzaileek eta agintariek arriskutsuegi deritzote hirien arteko korrikaldiei.
Ras-en erronka da da Galesek —beste herrialde batzuek ez bezala, ziur asko— beste bi ekitaldi dituela Korrika/Redadeg/Rith ekitaldiaren funtzioa betetzen dutenak: gazteentzako Urdd Eisteddofod (5 eguneko ekitaldi bat, urtero egiten dena, maiatzean, Galeseko zenbait lekutan) eta National Eisteddfod (7 eguneko ekitaldi bat, abuztuan, hau ere Galeseko leku askotan egiten dena). Ekitaldi handiak dira biak, eta, batetik, Gobernuak, toki-erakundeek, eta babesletza komertzialek emandako diru-laguntzarekin eta, bestetik, ekitaldiak egiten diren lekuetan bildutako diruarekin finantzatzen dira. Eta, beraz, Ras-ek lehia egiten du —diru, denbora, kolaboratzaile eta lehentasunari dagokienez— bi ekitaldi horiekin.
JARDUNBIDEA
Ras yr Iaith
HIZKUNTZA
Galesera