An Gaeláras kultura-erakunde aitzindaria da Ipar Irlandako ipar-mendebaldean Irlandako hizkuntza, kultura eta arteak sustatzen, eta era askotako kultura-ekimenak antolatzen ditu helburu hori betetzeko.
Esate baterako, hizkuntza-, musika- eta dantza-ikastaroak eskaintzen ditu, eta urtero kultura-programa zabala antolatzen du. Azken hiru urteetan, gainera, ardatz izan da jaialdi hauen antolakuntzan: 2013ko All-Ireland Fleadh, eta 2014ko eta 2015eko Pan-Celtic Festival.
Fleadh jaialdiak 320.000 bisitari erakarri zituen gure hirira, eta 8 egunetan 42 milioi liberako irabazia eragin zuen.
Erakundearen egoitza Cultúrlann Uí Chanáin eraikinean dago. Eraikin hori Irlandako hizkuntza, kultura eta arteari eskainitako zentro bat hartzeko berariaz eraiki zen lehen eraikina izan zen; 2009an inauguratu zen, eta 2,46 milioi liberako kostua izan zuen.
Berriki, gure egoitzaren alboan dagoen parrokia-etxe zahar hustu bat (Church Manse) birgaitu da, eta Musika Tradizionalaren Akademia gisa inauguratu da, UU Magee-rekin lankidetzan.
Kultura-etxeak hainbat erakunderekin lankidetzan dihardu hiriaren alderdi hau berregokitu eta kultura-auzo bihurtzeko: Derry eta Strabaneko udalak, DSD, DCAL, NIEA, Ilex, Ulstergo Unibertsitatea eta NITB. Horrez gain, gazteen klubentzako instalazioak eskaintzen ditu, irlandar esatari gazteentzako jarduerak antolatzen ditu, eta irlanderako eskolak ematen ditu ingelesa hizkuntza nagusitzat duten Lehen Hezkuntzako 16 ikastetxetan.