Suns Europe 2015 Friuli Europa eleaniztun bateko sormenezko ekoizpen onenaren erakusleihoa da. Jaialdiari friulerazko "suns" (soinuak) hitzetik datorkio izena, eta hiru ataletan dago banatuta: zinema, literatura eta antzerkia, eta musika.
Friuli "bere aniztasunean bat eginda" dagoen Europa baten erdigune bihurtzen da Suns Europe-ri esker (hizkuntza gutxituetako arte dramatikoko Europako lehenengo jaialdia).
Hiru astetan, Europako hizkuntza gutxituetan eta nazionalitateetan egindako ikus-entzunezko ekoizpenen, literatur ekoizpenen eta musika-ekoizpenen kultur bizitasunera eta adierazpen-aberastasunera hurbildu ahal izango gara, kontinenteko zenbait lekutako egile, musikari eta zinema-profesionalekin: Euskal Herritik Kareliara, Korsikatik Laponiara, Friulitik Galiziara, Okzitaniatik Baxkortostanera, Galesetik Grisoniara, Bretainiatik Ladiniara, Kataluniako lurretatik Groenlandiara eta Irlandara.
Hala, Friulik bere ateak irekitzen dizkio Europari, eta, aldi berean, bere profil eleaniztuna eta kulturaniztuna erakusten du, diskriminaziotik eta aurreiritzietatik aske, azkenean.
Berariazko nortasun horiengatik, hain justu, gure lurra ezagutzen den bezala ezagutarazten da, harremanak sortu eta garatzen ditu, eta hizkuntza- eta kultura-aniztasunak eta hizkuntza gutxituak normaltasunez, sormenez, egunero eta modu askean erabiltzeak ematen dituzten balioaren, eskubidearen eta aukeraren gaineko kontzientzia harrapatu eta partekatzen du.
Hala, kultur aniztasuna, hizkuntza-eskubideak, sormena eta gure eskualdearen eta Europa osoaren arteko lankidetza sustatzearekin batera, Suns Europe-k bide berri bat irekitzen du bere lurraldean turismoa garatzeko, hizkuntzaren eta kulturaren berezitasunetatik hasita.
JARDUNBIDEA
SUNS c/o ARLeF
HIZKUNTZA
Friulera
ERAGIN ESPARRUA
Aisia, Kultura