2023

Gazteek hizkuntzarekin duten harremana euskal soziolinguistikaren arreta-gune nagusietakoa da gaur egun, lehenago izan den bezala. Batetik, gazteengan sumatzen diren joeren bidez etorkizuna aurreikusteko borondateak ezartzen du arreta hori. Bestetik, belaunaldien arteko talkak eta desberdintasunek interesa eta jakinmina pizten dute. Hamaika dira gaiarekin zuzenean edo zeharka lotutako ikerketak, argitalpenak eta jardunaldiak; baina, hala ere, gehiago jakiteko eta hausnartzeko beharra zein grina ez dira agortzen.

Gazteen testuinguruan eta bizimoduan kokatzea aurrez egin beharreko ezinbesteko ariketa da, haien hizkuntza errealitatearengan fokua gerturatu baino lehen. Talde edo gizarte-sektore bezala dituzten ezaugarriei erreparatu dakiekegu lehenik; eta pertsona bezala dituzten ohiturei, harremanei eta pentsaerei, ondoren. Hizkuntzekin, eta bereziki euskararekin, duten harremanari erreparatzerakoan, hizkuntza-gaitasunak, hizkuntza-praktikak eta hizkuntza-ideologiak aztertzea litzateke, besteak beste hurbilpenerako bidea.

2023ko Euskal Soziolinguistika Jardunaldian 14 eta 20 urte arteko gazteek euskararekin duten harremana ezagutu eta aztertzeari eskainiko diogu. Hizkuntzekin lotuta dituzten bizipenak eta bizipen horietatik eraikitzen dituzten euskararen gaineko diskurtsoak ezagutzeko eta elkarrekin hausnartzeko topaketa izango da Jardunaldia.

Nola ikusten dute gazteek euskararen egoera? Nola kokatzen dira auzi horren baitan? Zein toki du euskarak euren identitatean? Zein bizipen baikor eta ezkorrekin lotzen dute? Nola ikusten dute euskararen aldeko mugimendu soziala eta kulturala? Nola baloratzen dute erakunde publikoen jarduera? Zer diote helduon diskurtsoez? Nola iristen zaizkie? Nola proiektatzen dute etorkizuna?

Galdera horien eta gehiagoren inguruan jardungo dugu Jardunaldian bilduko garen soziolinguistika ikerlari, teknikari, erakunde-arduradun, irakasle eta euskararen aldeko ekintzaileok datorren apirilaren 25ean Hendaiako Gaztelu aretoan. Hitzaldi, aurkezpen, tailer parte hartzaile eta mahai-inguruez osatutako egitarauak gaiari ertz askotatik heltzeko aukera eskainiko du.

OHARRA. Data aldaketa:

Jardunaldia martxoaren 23an zen egitekoa, baina atzeratu eta beste data batera pasa da. Ipar Euskal Herrian Frantziako gobernuaren erretreten erreformaren aurka deitutako greba orokorrak ekarri du erabakia. Edonola ere, data berri bat iragartzeko moduan gaude: APIRILAREN 25EAN EGINGO DA EUSKAL SOZIOLINGUISTIKA JARDUNALDIA. Lehen bezala, goizeko 9:15etatik 17:00ra Hendaiako Gaztelu Aretoan.

9:15- Irekiera

Hendaiako Herriko Etxea, Euskararen Erakunde Publikoa, Eusko Jaurlaritza, Soziolinguistika Klusterra

9:30- Ipar Euskal Herriaren egoera datutan

Eneko Gorri (Plazara Kooperatiba)

10:15- Gazteen gaineko zenbait ikerketaren gakoak

Miren Artetxe (Euskal Herriko Unibertsitatea)
Maialen Iñarra (Soziolinguistika Klusterra)

11:15 ATSEDENALDIA
11:45 Esperientzien bideo-bilduma

Seaska, Euskarabentura, Libertimenduak, Euskal Herria Zuzenean, Geruzak, Hezten eta Emun

12:15 Talde-ariketa
13:30 BAZKARIA
14:30 Mahai-ingurua: gazteak mintzo

Euskararekiko profil eta ibilbide desberdineko 4 gazte: Delia Delanne, Sofia Aldanondo, Aimar Jusue eta Oier Urreizti

16:00 (Gazteen) hizkuntza-ideologiaz mintzatuko gara?

Jaime Altuna (Euskal Herriko Unibertsitatea)

17:00 Itxiera

Gazteen hizkuntzei buruzko diskurtsoei erreparatzeko tartea hartu zuten ehundik gora pertsonak Hendaian

Gaur egungo gazteek hizkuntzei lotuta dituzten bizipenak ezagutzeko aukera izan zen Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren 15. edizioan, ikerketen emaitzak eta gazteen testigantzak oinarri hartuta. Euskara sustatzeko diskurtsoen elementuak aztertu ziren talde-lanean, hainbat esperientzia praktikoren ikuspegia ezagutzeko aukera izan zen eta hizkuntza-ideologietan arreta jarri zuten parte hartzaileek.

Hendaiako Gaztelu aretoan egindako jardunaldian parte hartu zutenen artean zeuden ikerlariak, teknikariak, irakasleak, aktibistak… Maddi Kintanak eman zien ongi etorria guztiei eta berak gidatu zuen jardunaldia egitarauaren saiotik saiora. Euskararen Erakunde Publikoaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Soziolinguistika Klusterraren ordezkariek eman zioten hasiera egun osoko jardunari.

Eneko Gorri Plazara kooperatibako kideak euskararen Ipar Euskal Herriko egoera kokatzeko hitzaldia eman zuen. Azken ikerketa kuantitatiboek azaleratu dituzten datuak hartu zituen abiapuntutzat, baina gizarte giroan eta euskararen aldeko mugimenduaren baitan sumatutako elementu subjektiboekin aberastu zuen diagnosia.

Soziolinguistika Klusterreko Maialen Iñarrak kirola, aktibazioa eta kaleko erabileraren inguruan egindako ikerketa eta ikerketa-ekintza proiektuetatik ateratako ondorioak ekarri zituen bere saioan. Gazteen artean, oro har, euskararekiko diskurtso esplizitu, egituratu eta sendorik ez dela ikusten azaldu zuen. Eta baita gazte kulturari lotura eta euren eremu ohikoenetan euskara baliatzeko ahultasuna nabarmentzen dela ere, besteak beste.

Miren Artetxe Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak ere berretsi zuen hizkuntza-praktika azaltzerakoan diskurtso gabezia ikusten dela gazteen artean; honela, hizkuntza hautuak eta praktikak naturalizatzeko joera gailentzen da zenbait kasutan. Hizkuntza gaitasunak eta bakoitzak darabilen hizkeraren nolakotasunak (dialektoak etab.) erabilera baldintzatzen funtsezko papera jokatzen dutela azpimarratu zuen.

Bideo baten bidez Seaskan, Euskarabenturan, Libertimenduetan, Euskal Herria Zuzenean festibalean, Geruzak proiektuan, Hezten elkartean eta Emun aholkularitzan euskara kudeatzeko, sustatzeko eta lantzeko duten moduak azaldu zituzten egitasmo hauen ordezkariek. Ezaugarri eta xede oso desberdinak dituzten egitasmoak dira, baina guztiek partekatzen dute gazteen euskararen erabileran eragiteko borondatea. Bideoan ikuspegi desberdinetatik egindako esku hartze hauen gakoak xehetu ziren.

Jardunaldiko parte hartzaileek, talde txikiagoetan banatuta, aukera izan zuten bideoan ikusitakotik gazteen euskararen gaineko diskurtsoaz hausnartzeko. Eta eremu horretan euskara sustatzeko diskurtso erakargarri baterako elementuak elkarrekin bilatzen jardun zuten.

Bazkalostean jardunaldiari izena ematen zion mahai-ingurua heldu zen: gazteak mintzo. Miarritze, Beasain, Tutera eta Bidarraiko lau neska-mutil izan ziren partaideak, Arantxa Irieder kazetariak gidatuta. Bakoitzak euskararekiko duen harremanetik eta testuinguru desberdinetan dituzten bizipenetatik abiatu ziren. Bizipen horiek euskararen periferien gaia, garai bateko diskurtsoen zaharkitzea, hezkuntza sistemaren papera edo beste borroka batzuekiko osagarritasuna modu desberdinetan ikustera eraman ditu gazteok.

Eguna borobiltzeko, Jaime Altuna Euskal Herriko Unibertsitateko antropologoak hizkuntza ideologien gaineko hitzaldia eman zuen. Kontzeptu hau definitu eta argitzeari eskaini zion tarte bat. Ikerlari gisa parte hartu duen ikerketetan euskal gazteen artean identifikatutako hizkuntza ideologia nagusiak zein diren azaldu zuen eta adibidez hornitu zituen azalpenak. Gainera, hizkuntza ideologiek ikerketa eta hausnarketa soziolinguistikorako marko bezala duten baliagarritasuna aldarrikatu zuen eta genero rolek ideologia hauen konfigurazioan duten papera sakonago aztertu beharra azaleratu zuen, besteak beste.

Egun mamitsua eta interesgarria izan zen. Gazteek hizkuntzekin duten harremanaren inguruan hausnartzeko elementuak eskaini zituen eta agortzen ez den gai honen inguruan ikuspegiak partekatzeko aukera eskaini. Hurrengo egunetan egongo dira ikusgai jardunaldiko aurkezpenak, tailerren emaitzak, argazkiak eta saio bakoitzaren bideoak www.soziolinguistika.eus/jardunaldia webgunean.

PRENTSAN:

Gazteekiko obsesioa alde batera uzteko deia egin dute Euskal Soziolinguistika Jardunaldian

NAIZ, 2023/04/25. Maider Iantzi

Gero eta gazteagoa da euskararen jendartea eta haiengan zama handiagoa jartzeko arriskua dakar horrek. Betaurreko negatiboekin begiratu ohi zaie, baina esperantza iturri itzela dira hizkuntzaren biziberritzerako. Gazteak dira Hendaian antolatutako Euskal Soziolinguistika Jardunaldiko protagonistak. (+)

Gazteen hitza aztertzen

BERRIA, 2023/04/26. Ekhi Erremundegi

Gazteek euskararekin duten harremana aztertu dute Hendaian. Euskarazko eskaintza urria izan dute aipagai, bai eta gaitasun faltak sortu oztopoak ere (+)

Gazte euskaldunek helduei: «Agian gutxiago eskatu behar da, eta gehiago eskaini»

NAIZ, 2023/04/27. Maider Iantzi

Biarriztarra da Delia, Garazin bizi da eta berriki euskaldundu da. Sofia beasaindarrak euskaraz egin zituen lehen hitzak baina orain gutxi erabiltzen du. Aimar tuterarrak eta Oier bidarraitarrak ere txikitatik jaso zuten euskara, eta ardatz dute egun. Soziolinguistika Jardunaldian mintzatu dira. (+)