Cornish Language Partnership (kornubieraren alde jarduten duen erakundea) 2005ean sortu zen, Kornuallesen izaera ekonomia globalean indartzeko aukera gisa ikusi baitzuten. Hizkuntza Kornuallesen bereizgarritzat hartzen hasi zen; oraindik hiztun-kopurua txikia bazen ere, harro egoteko modukoa baitzen.
Cornish Language Partnership erakundearen bulegoak, Magak, hizkuntzaren presentzia ofiziala lortu zuen, eta webgune batean, hizkuntza bultzatzeko ahalegin boluntario guztiak, hala nola filmak, irratia eta ikastaroei buruzko informazioa, koordinatzeko modua egin zuen; informazio guztia, hala, lehen baino askoz ere eskuragarriago dago. Webgunean, helduentzako ikastaroei, onlineko ikastaroei eta urruneko ikastaroei buruzko informazioa biltzen da; izan ere, lehen, zaila zen eskolak emateko tokiak aurkitzea, irakasle guztiak boluntarioak baitziren eta, horrenbestez, eskolak udaletxeetan edota etxebizitzetan ematen baitziren. Hizkuntzaren ikusgarritasuna areagotzeko, beste jarduera batzuk ere jarri zituzten martxan, hala nola kornubiera erabiltzen hasi ziren bide-seinaleetan, enpresetako logoetan, eraikin-sarreretan, etab. Hezkuntzako bi profesional kontratatu zituzten Magan, eskola-baliabideak sortzeko eta eskolak martxan jartzeko. Hala, hizkuntza zenbait eskolatan sartzea lortu zuten. Nolanahi ere, kornubiera ez da curriculumean kontuan hartzen, eta, horrenbestez, ez da era jarraitu batean ikasten.
Cornish Language Partnership-en lekua Cornish Language Officek hartu du Kornuallesen, eta hauek dira, orain, hizkuntza-programaren ildoak: kornubieraren estatusa eta ikusgarritasuna bultzatzea; hurrengo bost urteetan hiztun-kopurua handitzea, hizkuntza-marka eskainiz bereizgarri gisa eta onura ekonomikoaren iturri gisa; tokiko identitatea indartuz kohesio soziala indartzea; haur eta gazteen helburuak eta gaitasunak areagotzea; eta aldaketa linguistikoa iraultzea, ikasleen ikaskuntza areagotuz eta erabilera bultzatuz.
Hitzargiak
Cornish Language Programme
JARDUNBIDEA
Cornwall Council
HIZKUNTZA
Kornubiera
ERAGIN ESPARRUA
Hizkuntza-plangintza, Lekuko gobernua, Administrazioa