Alsazierazko dokumentu soinudunak eta bisualak zerrendatu eta Interneten jartzen dituen web-ataria da.
“Sàmmle”-k “bildu” esan nahi du alsazieraz. OLCAk ere termino hori hartu du Alsaziako ahozko hizkuntza-ondarea biltzeko, zaintzeko eta balioztatzeko egiten duen lanarentzat. OLCAren ekintzaren jarraitutasunaren eta hark Alsaziako hizkuntza eta kulturarekiko duen konpromisoaren barruan sartzen da proiektu hau.
OLCA tokiko zuzenbide-elkarte bat da. Alsaziako Eskualdearen ekimenez sortu zen 1994an, eta Bas-Rhineko eta Haut-Rhineko Kontseilu Nagusiek ere babesten dute. Bulegoak lan egiten du alsazierak presentzia handiagoa izan dezan alor guztietan, eta kolektibitateen, administrazioen, enpresen, elkarteen eta partikularren ekimenak babesten ditu. Eskualdeko hizkuntza eta kulturari buruzko informazio- eta dokumentazio-puntu bat da.
Ahozko ondarea zaintzeko eta balioztatzeko urratsa, 2008an hasia, eskualdeko elkarte-, kultura- eta erakunde-eragileekiko lankidetzaren fruitu da. Kultur ondare immateriala zaintzeko UNESCOren 2003ko konbentzioan ere oinarritzen da.
“Sàmmle”-ren helburuak dira Alsaziako hizkuntzaren eta kulturaren aberastasunak aurkitzea eta partekatzea, eta alor hauetako baliabideak gordetzen dituzten organismoak sarean jartzeko beharrari erantzutea:
- kantu eta musika tradizionalak;
- trebetasun tradizionalak;
- ipuinak eta legendak;
- antzerki dialektala;
- alsazierazko testigantzak, bizitza-kontakizunak