Bilboko gazteentzako aisialdi-programazioa da, esperientzia positiboak euskaraz biziaraztea helburu duena. Horretarako gaztetxoen sormena bultzatzean eta ekintza parte-hartzaileak ahalbidetzean datza praktika honen ardatza. Horrez gain erreferente hurbilak (pertsonaia famatuak edota eguneroko lanean eurekin batera jarduten duten hezitzaileak) gaztetxoen eskura jartzen ditugu.
Eskaintzaren gakoa askotarikotasuna da (musika, dantza, irratia, telebista, bideoak, moda, antzerkia), kultur eta aisialdi arlo asko jorratzen baititugu. Eskola orduz kanpo garatzen da egitasmo hau.
Orain dela hamaika urte sortu zenetik eginiko ekintzek eta formatuek garapena izan dute; hasieran formatu handiko ikuskizunek, egun batean egitekoak, lehenestea erabaki bagenuen ere, denboraren poderioz osatzen joan gara, ikuskizunen formatuaren inpaktua galdu barik, ekintza txikiagoak baina maiztasun handiagoz gehitu ditugu. Ekintzen nolakotasunean ere bilakaera egon da, ekintza pasiboetatik parte-hartzaileagoetara igaroz. Protagonismoa gaztetxoek eduki behar dute programa osoan zehar eta horixe islatu da eboluzio horretan
Era berean programaren gakoetako bat da eragite prozesua ekintzetatik haratago doala, ez da mugatzen ekintzetara, hori baino zabalagoa da. Prozesu moduan ulertu behar da Harrapazank eta ez ekintza multzo gisa.
Bilboko nerabeentzako programa izanda, hasieratik argi eduki genuen Bilboko nerabeen tipologiak kontuan hartu behar genituela; hau da, Bilboko nerabeek orokorrean modu naturalean jaso dute euskara (eskolatik edo etxetik), beraz ez daukate hil ala biziko “atxikimendurik” euskararekiko, eremu urbanoko gaztetxoak dira, teknologia berrietan “alfabetatuta” daude eta ludikotasuna lehenesten dute.
Hau da, “merkatuak” behar izan genuena eskaintzen bazuen, hartu eta Harrapazank-era ekartzen genuen (musika kontzertuak…), merkatuaren eskaintza moldatu beharrekoa bazen, egokitu egiten genuen (Mihiluze, “Are gazteago” irratsaioa, Skunk Funk moda desfilea, Flash mob-a, Lip-Duba…) eta, azkenik, merkatuak ez bazigun ematen behar genuen hori zerotik sortu egin dugu (Jozank topaketak, Bertsotramarraskya, Komeriaren Kluba, Distirazank, Dantzazank, Eszena, Sortuzank…).