Aldahitz ikerketa

Aldahitz Ikerketa hizkuntza-ohituren aldaketa-prozesuak aztergai dituen proiektua da, arreta berezia jartzen duena euskararen norabidean gertatzen diren prozesuetan.

Izaera aplikatua duen ikerketa garatzen da proiektuan nagusiki, eta horretarako, erakundeen eta ikerlari-teknikarien sare bat dago eratua, ohituren aldaketarako metodologiak eta ezagutza garatzeko baliatzen dena (metodologien prototipoak, proba pilotuak, ezagutzaren eta tresnen garapena,  ikerketa, zabalkundea…).

Eusle metodologia da hizkuntza-ohituren aldaketa-prozesuak errazteko proiektuan sortutako lehen tresna (2012). Metodologia hori lan munduan erabiltzeko diseinatuta dago, kide guztiek euskaraz ulertzen duten talde naturaletan. Ulerrizketa metodologia da ohituren aldaketa errazteko garatu eta zabaldutako bigarren tresna (2019). Euskaraz ulertzeko tarteko maila duten lankideekin baliatzeko sortua da, inguruan dituen lankide euskaldunekin euskarazko erabilera abiatu ahal izateko.

Aipatu bi tresnak, eta oraindik garapen fasean dagoen hirugarren metodologiak (Uler-saioak metodologia) elkarren osagarri izateko moduan diseinatu dira, erabiltzaileei hizkuntza-ohituren aldaketarako sistema integrala eskaini nahian. Hau da, bere erakundean euskararen aldera ohituren aldaketa sustatu edo erraztu nahi duenarentzat tresna ezberdinak eskaintzea, elkarren osagarriak, eta beharren arabera bat edo beste erabiltzeko moduan.