Maite Correa Colorado State Universityko ikerlaria Soziolinguistika Klusterrean izan da

Maite Correa trintxerpearra Linguistika Aplikatuko irakaslea da Koloradoko Unibertsitatean, eta urte luzez aritu da Ameriketako Estatu Batuetan ikertzen, gaztelania ondare-hizkuntza (lenguas de herencia / heritage language) gisa irakasteko prozesuez eta ikasleen hizkuntza-jarrerez, -erabileraz eta -beharrez.

Otsailaren 9an, Soziolinguistika Klusterraren bulegoan bildu da ikerlaria Imanol Larrea eta Maialen Iñarra Klusterreko kideekin. Bi aldeen ikerketa-ildo nagusiak partekatu eta, aurrera begira, proiekturen batean lankidetzan aritzeko aukerak aztertu dituzte. Bilera honen bidez, 2022ko uztailean Belgikan egindako 24. Sociolinguistics Symposium-ean elkarri emandako hitza bete eta harremana estutzeko bideari ekin zaio.

Uneotan, Trintxerpeko errealitate soziolinguistikoan sakontzen ari da Maite Correa. Eremu geografiko txiki batean (6000 biztanle inguru) lau hizkuntza-komunitate nola bizi diren aztertzen ari da: bi hizkuntza ofizialenak (euskara eta gaztelania) eta beste bi ondare-hizkuntzarenak (galegoa eta portugesa). Horretarako, hizkuntza-paisaia aztertzeaz gain, teknika kualitatiboak erabiltzen ari da, hainbat trintxerpearren hizkuntza-irudikapenak bildu nahian.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN