BIKAIN-Euskararen Kalitate Ziurtagiria ziurtagiri ofizial, publiko eta doakoa da, Eusko Jaurlaritzak luzatzen duena, eta enpresa nahiz erakunde batean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen duena.
Ebaluazio bat egin ondoren eskura daitekeen ziurtagiria da, hortaz. Ebaluazio horretan EMEn (Erreferentzia Marko Estandarrean) jasotako itemak zein hizkuntzatan dauden eta nola kudeatzen diren egiaztatzen da.
Bikain sistemaren arabera 1000 puntu lor litezke gehienez ere, %100eko betetze-maila alegia. Hori horrela, hiru aitortza-maila edo ziurtagiri ezarri dira, kolore bana dutelarik:
• Oinarrizko maila edo Bikain beltza 200 puntu gutxienez
• Tarteko maila edo Bikain zilarra 400 puntu gutxienez
• Goi maila edo Bikain urrea 700 puntu gutxienez
Ebaluazio-prozesu honek antza du enpresen kudeaketaren garapen-maila ebaluatzeko erabili ohi den metodoarekin, baina nabarmen arinagoa da: funtsean, kanpoko talde ebaluatzaile batek enpresa ebaluatuko du, indar-guneak eta zer hobetuak identifikatuz. Horretarako aurrez helarazitako informazioa irakurriko du eta enpresa bisitatuko du. Ebaluazioa da, eta ez auditoria.
Kanpo-ebaluazioaren zerbitzua eskatu ahal dute erakunde publiko eta pribatuek, negozio-unitateek eta erakunde handien lan-zentroek, baldin eta beren jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan egiten badute.
2017. urteari begira, BIKAIN eredua (EME) berrikusten ari gara. BIKAIN sortu zenetik 8 urte pasa direnez, eredua berraztertu, arindu eta eguneratzeko garaia iritsi delakoan gaude, eta lan horri ekin diogu, betiere sistemaren eraginkortasuna bermatuz, eta entitate gehiagoren artean zabaltzeko asmoz. Horren ildotik, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren helburuetako bat da etorkizun laburrera/ertainera BIKAIN beste zenbait arlotan ezarrita dituen helburu estrategikoekin lerrokatzea, esaterako, herri-administrazioetako erabilera-planekin. Horren helburua da erabilera-planak BIKAIN ereduaren arabera egituratzea eta egitura bera bateratzea, eta BIKAIN ebaluazioa, ziurtagiria eskuratzeko erabiltzeaz gain, erabilera-planetan egiten diren tarteko eta bukaerako ebaluazioetako datuak lortzeko erabiltzea.