“Cressi cun plui lenghis” proiektuaren xedea da eleaniztasuna eta friuleraren erabilera bizitzea bizitzako lehen hilabeteetatik. Beharrezkoa da bizitzako lehenengo urteetan hizkuntza bat baino gehiago aldi berean erabiltzearen kontrako aurreiritziak desagerrarazteko eta jendea elebiduna edo eleaniztuna izatearen aberastasunaz kontzientziatzeko. Horrez gain, kanpainaren asmoa da friuleraren erabilera indartzea gehienen hizkuntzaren maila bereko hizkuntza gisa.
Kanpaina horrek seme-alabei friuleraz hitz egitera bultzatzen ditu gurasoak. Eskualdeko Agentziak argudiatzen du ingurune elebidun batean hazi diren pertsonek errazago ikasten dituztela beste hizkuntzak eta argiagoak direla, eta elebitasunak narriadura kognitiboa atzeratzen duela zahartzen direnean. Hizkuntzak belaunaldi berrietan jarraipena izan dezan ziurtatzeko, ARLEFek kontzientziazio-kanpaina bat hasi du, non jaioberriei friulera transmititzearen onurak nabarmentzen baitira. Ziurtzat jota haur friuldar guztiek italiera ikasiko dutela, friulera baldin badakite hiztun elebidunak izango dira ume-umetatik.
Hori dela eta, haurrei friuleraz hitz egitearen abantailak azaltzen dituzten informazio-orri ugari banatuko dira. Gurasoek aholkua jasoko dute familian zenbait hizkuntza hitz egitearen inguruan. Friulerari dagokionez, informazio-orriak gurasoak bultzatzen ditu edozein egoeratan hizkuntza hori hitz egitera, bai etxean, bai kanpoan. Informazio-orrian azpimarratzen da seme-alabei friulera transmititu behar zaiela nahiz eta bi gurasoetako batek bakarrik hitz egin hizkuntza hori. Aita eta ama, biak, friulera-hiztunak badira, ARLEFek aholkatzen du hizkuntza hori erabiltzea etxeko hizkuntza nagusi gisa, eta beste hizkuntza bat erabiltzea beharrezkoa denean.