Euskararen normalizazio bidean esanguratsuak diren hiru erankunderen arteko elkarlana da egitasmo honen oinarria dagoena: Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kontseiluak eta UEMAk indarrak batu dituzte udalerri euskaldunetan aurrerapausoak emateko. Gipuzkoako Foru Aldundia eta UEMA lan molde berri bat lantzen aritu dira administrazio bakoitzaren eskumen esparruko plangintza tresnetan prebentzioaren ikuspegia txertatzeko. Bide horretatik, eragin linguistikoa ebaluatzeko sistema bat -Eragin LInguistikoa Ebaluatzeko tresna- garatu dute: ELE
Izan ere, gune soziolinguistiko euskaldunenetan geldialdi bat sumatzen ari da: euskaldunen proportzioan galdu dute udalerri euskaldun guztiek, eta euskararen kale erabileraren datuetan ere sumatu da gelditze hori. Adituen iritziz, euskaraz bizitzeko baldintzen aldakortasuna handia da eta pertsonen edota erakundeen jardunaren eraginpekoa da. Adibidez, hirien eta herrien geografian egindako aldaketek hizkuntzen garapenean eragin dutela nabarmentzen ari dira hizkuntzalariak. Horregatik, euskaraz bizitzeko baldintzak sortzeko eta bitartekoak jartzeko, aspektu sozial guztiak kontuan hartu behar dira, lurraldearen garapenarenak eta antolaketarenak, eta hirigintzarenak barne.
Hortaz, arnasguneak sustatzeko eta hedatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak lankidetza hitzarmena sinatu zuten 2012ko maiatzean udalerri euskaldunak, euskaldun kopuru handia dutenak, zaintzeko, sustatzeko eta hedatzeko.
Egitasmo honen helburu nagusia da herri erakundeen esku-hartzeek udalerri euskaldunetako euskararen egoeran izan dezaketen eragina aurreikustea eta neurtzea, eta, balizko kalteak neurri zuzentzaileen bidez zuzentzea edota murriztea.
Udalerri euskaldunek euskaraz bizirik irauteko, soziolinguistikoki diren modukoak izaten jarrai dezaten, besteren artean, beharrezkoak dira honakoak:
- Erakunde publikoetan prebentzioaren ikuspegia txertatzea, garatzen duten ohiko jarduerak kalterik ez eragiteko gune euskaldun horien euskarazko gizarte bizitzan eta kultur garapenean.
- Arnasguneak ugaritzea, euren inguruetara hedatuz. Normalizazio prozesuaren ibilbide naturala hori baita, hain zuzen, arnasgune izan daitezkeen eremuak arnasgune bilakatzea.