Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak katalogatu eta hedatzea da proiektu honen helburu nagusia; hau da, gure herrietako adineko jendea elkarrizketatu eta euren euskara eta bizipenak jasotzea eta herritarren artean zabaltzea. 2003. urteaz geroztik dago martxan proiektua, eta denbora-tarte honetan erreferentzia bilakatu da euskal ahozko ondarearen bilketan, katalogazioa eta hedapenean.
Dagoeneko 5.000 lagun baino gehiagoren testigantzak jaso dira, eta 35.000 audio/bideo pasarte digitalizatu eta sareratu dira.
Zenbait ezaugarri azpimarratzekotan: Euskal Herri osoko datuak biltzen ditu; publikoa eta doakoa da; proiektu irekia da, auzolanean garatu dena, eta interesa duen orok har dezake parte; hainbat ikerlari eta proiektu biltzen ditu; metodologia sistematikoa eta zehatza jarraitzen du; informazio guztia katalogatuta eta etiketatuta dago, eta herrika zein gaika antolatuta dago.
Hedapenean eta transmisioan ere lan handia egiten da, ikastetxeekin elkarlanean, eta sarean bertan (besteak beste, Ikasgelan, Gazte Gara Gazte edo Gerrako Ahotsak egitasmoei esker).
Lan-prozesua zehatz aztertu eta antolatuta dago, bere 4 fase nagusietan: bilketa, katalogazioa, edizioa eta hedapena; 12 urteko esperientziak ematen duen bermearekin. Horregatik guztiagatik, Euskal Herriko Ahotsak eredu egokia izan daiteke beste herri/hizkuntza batzuentzat.