Eusko Jaurlaritzak, euskararen erabilera alor sozioekonomikoan sustatzeko praktika onak identifikatu eta zabaltzeko borondatea du. Hori horrela, euskaraz lan egitea helmuga duen bidean aurreratuen dauden enpresen artean ezagutza-trukaketa egituratzeko programa pilotu bat jarri du abian.
EUSLAN Programa pilotua da, eta bere helburua da, enpresa industrialetako lan-hizkuntza gisa euskara erabiltzeko prozedurak eta praktikak diseinatu eta gauzatzea, barrura eta kanpora begira, ahozkoan, idatzizkoan eta hizkuntza paisaian.
2017an amaituko du bere ibilbidea, 3 urteko programa baita. Aldi horretarako, Eusko Jaurlaritzak 904.293 euroko esleipena egin die EUSLAN programako enpresei.
Diru-laguntza ez ezik, programaren dinamizazioa eta zuzendaritza emango da Jaurlaritzatik, ELAY enpresaren eskutik hain zuzen ere. Jaurlaritzaren interbentzioa, beraz, bikoitza da: diru-laguntza eta ezagutzaren ekarpena.
Industriaren sektoreko 12 enpresa dira parte hartzen dutenak: Batz, Cikautxo, Copreci, Danobat, Eika, Elay, Goizper, JMA, Maier, Matz-Erreka, Orkli eta Ulma CYE.
Entitate pribatuek EAEn dituzten lantokietan euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko diru-laguntzak deialdia, gaur egun LANHITZ deialdia, 1997an argitaratu zen lehen aldiz. Eusko Jaurlaritzak, LanHitz programa marko horren testuinguruan, euskararen erabilera alor sozioekonomikoan sustatzeko praktika onak identifikatu eta zabaltzeko borondatea erakutsi du, eta horretarako programa berri hau sortu du.
EUSLAN programa guztiz berritzailea da. Berritzailea da edukiari dagokionez, eta berritzailea da lan egiteko eta kolaboratzeko moduari dagokionez.