Mintzanet euskara on line eta doan praktikatzeko tresna bat da. Euskara ongi dakien pertsona eta praktikatu nahi duena elkartzen ditugu. Praktika librea da, eta A2 maila aurreratua izatea da gutxieneko baldintza.
Bere egitasmoaren helburua euskaraz nahi adina jarduteko aukera ez duen pertsona orori etxetik atera gabe eta komeni zaion ordutegian euskara praktikatzeko modua ematea da. Hori bermatzeko, euskaraz jardun nahi duten guztiek, edonon daudela ere, euskaraz nahi adina aldiz hitz egiteko aukera dute www.mintzanet.net webgunearen bidez. Egitasmoa guztiz doakoa da eta ezinbesteko bi oinarri ditu: bidelaguna eta bidelaria. Bidelaguna euskaraz dakien eta beste bati laguntzeko prest dagoen euskalduna da, eta, bidelaria, berriz, euskara praktikatu nahi duen ikaslea. Mintzanet proiektuak munduan zehar barreiatuta dauden euskaldunei zein Euskal Herrian bertan daudenei euskaraz jardun ahal izateko doako aukera ematea du helburu hasiera-hasieratik. Hori bai, normala den bezala, elkarren arteko komunikazioa bermatzeko gutxieneko euskara maila bat izatea lehenesten da betiere. Ez dauka helburu didaktikorik, ez da irakasle-ikasle harremana, praktika librea baizik.
Aurrez aurreko Mintzapraktika egitasmoak aspalditik dabiltza martxan. Interneten ez zegoen horrelako aukerarik eta on line izateak hainbat abantaila ditu: ez dago denbora mugarik ezta geografikorik ere. Gainera, aurrez aurrekoan ez bezala, saioetan bidelagun bakarra eta bidelari bakarra aritzen dira, bestela izanda batzuk isilik geratzeko aukera egongo litzatekeelako; hala, praktikatu nahi duenaren aurrerapausoa oso handia da.
JARDUNBIDEA
Mintzanet
HIZKUNTZA
Euskara
ERAGIN ESPARRUA
Aisia, Kultura, Hizkuntzaren erabilera