"Na llingua de casa" kanpainaren helburua da leonera hizkuntza eremu publikoan ikusaraztea, esparru horretan idatzizko komunikazioa gaztelar hizkuntza ofizialean egin baita beti. Kartelak jarri dituzte ongi ikusteko moduko tokietan, hizkuntza hori ezagutzen ez duten pertsonek haren berri izan dezaten. Era berean, hizkuntzari duintasuna ematen dio hizkuntza hori ezagutzen dutenen artean, prestigio soziala duen eremu batean idatziz erabilita.
Besteak beste, material hauek sortu dira: lokalak irekita edo itxita daudela jakinarazteko sarrerako ateetan zintzilikatzeko kartelak (bi aldeetara inprimatuak), komunetako ateetan emakume edo gizonenak diren adierazteko kartelak, ateak zein norabidetara ireki behar diren adierazteko “emburriare” eta “tirare” kartelak, eta kanpainari, leonera hizkuntzari eta El Teixu elkarteari buruzko informazio nagusia jasotzen duen liburuxka bat.
Gainera, materialaren zenbait bertsio egin dute, banatuko den eremuko hizkuntza-aldaeraren arabera. Halaber, zenbait diseinu ere erabili dira, hizkuntza ezagutzen ez duen edonork ikur errazen eta ulergarrien bidez mezua ongi uler dezan. Hartara, jendeak kartelaren edukia ez ulertzea ekidingo da, eta kontzeptuaren eta lexikoaren arteko harremana bultzatuko da, kanpainan erabili diren terminoak ikasteko prest dagoen jendeari laguntzeko.
Materiala doan banatu da, eta hizkuntza erabiltzen den eta hura berreskuratzeko jarduera gutxi edo batere ez dagoen eremuetan banatu da.