Nafarroan euskararen aldeko jarrerak indartzeko aukerak

Urriaren 14ko jardunaldian hausnartuko dugu Nafarroan gero eta herritar gehiago euskararen indarberritze prozesuarekiko enpatiko izateko diskurtsoaz, praktikaz eta bestelako baliabideez.

Azken inkesta soziolinguistikoan, 2016koan, Nafarroan euskararen erabilera sustatzeari buruzko jarrerari dagokionezhonako datuok agertzen dira: alde % 33,3, ez alde ez aurka % 27,6, eta kontra % 39,1. Ehunekoak 1990eko hamarkadakoekin konparaturik hobeak diren arren. Oraingoz urrun daude gehiengo soziala izatetik

Euskaltzaleen Topagunearen helburu estrategikoetako bat da etorkizunean Nafarroako biztanleriaren gehiengoa euskararen indarberritze prozesuaren alde egotea eta, ondorioz, indarberritzeko hartu behar diren erabakiak babestea. Bide horretan, aliantzak zein eragile lanak indartzen, eta gizarteari praktika eredugarriak zein diskurtsoak eskaintzen ari gara. Horien artean, aipatzekoa litzateke Nafarroako Gobernuarekin dugun eta jardunaldi honen antolakuntzan agerikoa den elkarlana.

Nafarroan euskararekiko aldekotasun hori nola landu dezakegun pentsatzen laguntzeko, zenbait jakintza eremutatik gaiari heltzen dioten ikuspegiak ekarriko ditugu urriaren 14an, hala nola: ikerketa (Eusko Ikaskuntzak egindako ikerketaren ondorioak eta Euskarabideak egingo duen ikerketa aurkeztea), ikuspegi filosofiko-etikoa, soziologiko-antropologikoa (gizarte aldaketak eragiteari begira), komunikazioa (zer eta nola kontatu euskararen indarberritze prozesuak nafar gizartearen aldekotasun zabalagoa biltzeko),  gizarte eragileak (euskaltzaleen mundutik haratago dabiltzan eragileen begirada); hedabideek gai honetan jokatu dezaketen moduaz ere hitz egingo dute mahai-inguru batean.

Data

Urr 14 2021
Expired!

Informazio gehiago

Irakurri gehiago
Irakurri gehiago