I. Euskal Soziolinguistika Jardunaldia 2008. Geroa bermatzeko, oraina ezagutu

Soziolinguistika Klusterrak Geroa bermatzeko, oraina ezagutu jardunaldia antolatu du otsailaren 29an, UPV-EHUko Donostiako Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Bere helburuak 2007ko proiektuetatik bildutako emaitza nagusiak plazaratzea eta soziolinguistikaren arloan erreferentziazko diren hainbat adituren hitzaldiak ematea izan dira. 120 parte hartzaileek soziolinguistikaz duten interesak, jardunaldia egiteko zegoen asmoa errealitate izateko oinarria finkatu du.

Egunari hasiera Aizpea Otaegik, Soziolinguistika Klusterreko lehendakariak eta Imanol Larreak, Soziolinguistika Klusterreko lehendakari ohiak eman zioten.

Ondotik, Soziolinguistika Klusterrak 2007an burututako proiektuen gainbegirada, erakundeko kudeatzailea den Iker Salaberriak aurkeztu zuen. Bertan, Soziolinguistika Klusterrak 2007 urtean zehar landutako proiektuetan jasotako zenbait emaitza aurkeztu ziren, modu labur batean.

Xavier Vilak hartu zuen txanda, Kataluniako hezkuntza sistemaren inguruko hausnarketa eginez: Hezkuntza sisteman hizkuntza sustatzeak dituen potentzialtasunak eta mugak Kataluniako kasuaren irakaspenak (estrapolagarriak?). Bartzelonako Unibertsitateko irakasle hau Cruscat sareko zuzendaria da eta Katalunian azken 20-30 urteotan normalizazioaren alde egin den lanaren emaitzak eta hobetzekoak nabarmendu zituen.

Kataluniako konjunzio ereduak Valentziako lerrokako ereduak baino emaitza hobeak eman dituela azaldu zuen datu bidez, baina horrekin batera ohartarazi zuen Katalunian ezagutza zabaltzea lortu den arren, hezkuntza sistemak gehienetan ez duela lortzen jatorriz gaztelaniadunak diren ikasleen hizkuntza jokaera aldatzea eremu informaletan.

Maila orokorrago batean, hizkuntza politika “gobernuak” soilik egiten duenaren uste okerra kritikatu zuen, erakunde eta enpresa guztiek baitute praktikan beren hizkuntza politika. Arlo horretan zuhurrago jokatzearen komenientzia iradoki zuen.

Atseden hartzeko egindako hamaiketakoaren ondotik, parte hartzaileak bitan banatu ziren, bi gairi buruzko hitzaldiak baitzeuden aukeran. Batetik, Malores Etxeberria eta Alex Mungiaren ahotik jasotako Hizkuntza jokabideak eta transmisioa Buruntzaldean: nola heltzen diogu gaiari? Hitzaldi horretan, Buruntzaldean bertako Udalak eta ikastetxeak, HABE, HPS eta SL Klusterraren laguntzaz garatzen ari diren esperientzia pilotuaren berri eman zuten.

Bi hizlariak hizkuntza transmisioan jokaera berriak bultzatu nahi badira bide berriak urratu beharraz aritu ziren, eta horretarako, besteak beste, egoki aditzaren adiera batzuk alboratu beharraz (dagokio, ez dagokit…). Hizkuntzaren gaia bere horretan landu beharrean guraso gehienen interesekoak diren gaiekin batera lantzea proposatu zuten, euskara-euskara-euskara mezua gaindituz, eta irakasle zein gurasoekin prozesuak zaintzea, produktu miragarriak bilatzen saiatu ordez, gaiari buruzko ikuspegiak aldatzea ekar ditzaketen dinamikak antolatuz.

Bestetik, Iñaki Markok azaldutako Berrikuntza lan munduko erabilera planetan hitzaldian, berrikuntzaz zer ulertzen den eta gure ingurune hurbilean berrikuntzari buruz dagoen ikuspegia eman zuen. Berrikuntzarako ezinbestekoa den ezagutzaz hausnarketa egin eta eredu bat azaldu ondoren, berrikuntzak erabilera planetan eta erabilera planek berrikuntzan duten lekua aztertu zuen. Azkenik, ERALAN proiektuaren berri eman zuen, aurretik azaldutako testuinguruan kokatuz.

Hitzaldiak aukeratu ondoren, Soziolinguistika Klusterrak bere bazkideekin landutako proiektuen lanketa hautatzeko unea iritsi zen: Gazteen erabilera edo Formazio premiak.

Lehenengoan, Gazteen erabilera. Perspektiba eta prospektiba proiektuari amaiera emateko, prospektiba edo, gazteen erabilera lantzeari dagokionez, aurrera begira egin beharrekoen iparra markatzeko lanketa egin zen. Iñaki Eizmendik landutako birziklatzearen dinamikaren bidez, nora joan? zehazteko osatutako proposamenaren alde ezegokienak zakarrontzira bota eta egokiago diren beste ideia batzuekin birziklatu ziren.

Bigarrenean, Iker Salaberria eta Asier Basurto Soziolinguistika Klusterreko kideek, teknikariek dituzten formazio premiak aztertzeko burututako lana borobiltzeko dinamika bat diseinatu zuten: Polinizazioaren dinamika. Bertan, teknikarientzako oinarrizko formazioa zer nolakoa izan beharko litzatekeen aztertu zen. Bestetik, azterlanean ateratako ondorioak oinarri hartuta, aurrera begira egin beharrekoaren inguruko gogoeta egin zen. Hemen daude emaitzak.

Bazkalostean, Euskal Herriko kale erabilerari buruzko mahai-inguruaren bueltan, Txillardegi, Iñaki Martinez de Luna eta Kike Amonarriz bildu dira, Xabier Isasi moderatzaile zutela. 1989an neurtzen hasitako euskararen kale erabilerak 2007 bitartean izan dituen gorabeherez datu, iritzi eta azalpen franko eman dituzte.

Txillardegik Euskararen Kale Neurketen inguruan berak egindako ibilbidea adierazi zuen, bere iritzi pertsonalak azalduz eta Donostiak duen zentraltasuna eta garrantzia azpimarratuz. Ondoren, Kike Amonarrizek EHko neurketaren hasierako bideak eta garaiak gogoratu zituen, metodologiaren abantailak azpimarratuz. Bukatzeko, Amonarrizek azken neurketa egin aurretik maneiatu ziren hipotesiak aurkeztu zituen eta 2006ko emaitzak eta aurretik landutako hipotesi hauek alderatu zituen. Azken hizlaria Iñaki Martinez de Luna izan zen. Berak 2006ko datuak analizatu zituen eta kale neurketek EHko egoera soziolinguistikoa ulertzeko eta aztertzeko ematen dituzten aukerak azpimarratu zituen.

Bukatzeko, Jose Luis Alvarez Enparantzari, “Txillardegiri”, soziolinguistikaren arloan egindakoa eskertzeko omenaldia egin zaio. Esker eta errekonozimenduzko hitzez gain, aginte-makila jaso du, orain arte, eta Txillardegiri erreleboa hartu zionetik, BAT soziolinguistika aldizkariko zuzendari izan den Maria-Jose Azurmendiren eta Soziolinguistika Klusterreko lehendakaria den Aizpea Otaegiren eskuetatik.